Oliver, King
(Jaiotza izenez, Joe Oliver). Estatu Batuar jazzeko korneta-jotzailea, musikagilea eta orkestra zuzendaria (New Orleans, 1885 - Savannah, 1938). 1911n Magnolia Band taldea sortu zuen. 1918an Chicagora joan zen eta 1920ean Creole Jazz Band, gerora ospetsu egin zena, sortu zuen, besteak beste Lil Hardinek, Johnny Doddsek, Bill Johnsonek, Babby Doddsek eta gerora lehen mailako tronpeta-jotzailea izan zen Louis Armstrongek osatua. 1923an Dippermouth Blues eta London Cafe Blues diskoak grabatu zituen, New Orleans estiloko jazzaren erakusgarri bikainak direnak. 1926ean Armstrongek taldea utzi zuen eta Oliverek Savannah Syncopaters izeneko orkestra sortu zuen. 1927an talde hori New Yorka aldatu zen, baina ez zuen arrakastarik izan, hasiak baitziren jazzaren joera berriak nagusitzen. 1935ean musika utzi eta Savannah-a jo zuen; han hil zen miseria gorrian. Adituen iritzian, harekin utzi zion jazzak gauza bitxi izateari eta musika emankor bihurtu zen, sakabanatuak zeuden elementuak bildu eta estetika koherente bat egin baitzuen; bakarkako bat-bateko lana bultzatu zuen; Oliver-en musikan jazzak funtsezkoa duen ezaugarri bat antzematen da: swing-a. New Orleans estiloan klasikoak diren doinuak sortu zituen, besteak beste, West End Blues, Canal Street Blues.