Olivares Larrondo, José
(«Tellagorri», «Kasia» deitua). Bizkaitar idazlea eta kazetaria (Algorta, Getxo, 1892 - Buenos Aires, Argentina, 1960). Sortu berri zen Euzkadi aldizkarian hasi zen kirolei buruzko artikuluak idazten. Getxoko Arenas futbol talde ospetsuko aurrelaria izan zen. 1920 ondoko urteetan Excelsior kirol aldizkariko zuzendaria izan zen. ANV alderdia sortzen parte hartu zuen (1930) eta gizarte eta politika gaiez artikulu ugari idatzi zituen alderdiko prentsa zen Tierra Vasca aldizkarian. Antiklerikal itsua ez bazen ere, kristau erakundeek eta EAJ alderdiak bultzatzen zuten sindikalismoaren aurkako agertu zen, hots, langile abertzaleek osaturiko sindikatuaren aldeko. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Bizkaiko frontea erori zenean, Baionara erbesteratu zen. Euskal Fronte Nazionala osatzeko elkarrizketetan parte hartu zuen erbestean (Lapurdin), 1938. urtean baina ez ziren adostu. Parisen zen Bigarren Mundu Gerra hasi zenean eta 1940. urtean Argentinara ihes egin zuen. Argentina, Estatu Batuak, Venezuela, Mexiko eta Txileko ia euskal argitalpen gehienetan idatzi zuen Ameriketan eman zituen 20 urteetan. Obra nagusiak: París abandonada (1942), Horas Joviales (1950), Antón Sukalde (1978. urtean plazaratua) eta argitara eman gabeko Los gudaris de Gartxot, Martiñene eta Txibeltza.