Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

olinpiar

izlag. Olinpo mendiari eta bertako jainkoei dagokiena.  v  Olinpiar Jokoak. Kirol. Antzina Greziako atletismo lehiaketa nagusia; gaur egun, lau urtez behin egiten den munduko kirol lehiaketa amateurrik gailena. || Olinpoari eta bertako jainkoei dagokiena.  v  Historia. Elezaharren arabera, joko hauek Olinpian, Grezian, K.a. 776. urtean egin ziren lehen aldiz. Lau urtez behin egiten ziren. Hasieran egun bateko lehiaketa zen, eta lasterketa bakarra egiten zen. Geroago, lasterketaz gainera, disko eta jabalina jaurtitzea, borroka, pentatloia, orga lasterketa eta beste proba batzuk egiten hasi ziren. Garaileak heroitzat hartzen ziren, eskultoreek marmolean egiten zituen haien irudiak eta musikariek haien ekintzak goraipatzen zituzten kantuetan. Erromak Grezia menderatu zuenean, jokoak ez ziren arreta berberaz antolatu, eta azkenik, K.o. 393. urtean, Teodosio I.a kristau enperadoreak debekatu egin zituen.  v  XIX. mendearen bukaeran, Frantziako Pierre de Coubertin baroiaren ahaleginei esker, berriro antolatu ziren Olinpiar Jokoak. 1896. urtean egin ziren lehen aldiz Atenasen, Greziako erregearen bapespean. Harrezkero lau urtez behin egin dira, bi mundu gerretan gertatutako etenaldietan izan ezik. 1924. urtean neguko jokoak egin ziren lehenengoz Chamonix-en, Frantzian. Olinpiar Jokoen zuzendaritza eta arautzea Nazioarteko Olinpiar Batzordearen mende dago; egoitza nagusia Suitzan du, Lausanan. Udako Olinpiar Jokoetan egiten diren kirol nagusiak hauek dira: arkua, arraunketa, atletismoa, belar gaineko hockeya, boleibola, borroka, boxeoa, eskrima, eskubaloia, futbola, igeriketa, itsasketa, jauzia, judoa, pentatloi modernoa, ping-ponga, piraguismoa, pisu altxatzea, saskibaloia, gimnasia, tenisa, tiroa, water-poloa, zaldiketa, eta ziklismoa. Neguan egiten diren Olinpiar Jokoetan, berriz, kirol hauek egiten dira: biatloia (eskia eta tiroa), bobsled-a, eskia, izotz gaineko hockeya, izotz gaineko patinatzea, jauziak, eta lera.