Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oligozenoa

Geol. Tertziarioko edo Zenozoikoko hirugarren aldia, Eozenoaren eta Miozenoaren artekoa. Orain dela 38 milioi urtetik 24,6 milioi urterako bitartea hartzen du. Ugaztunak eta hegaztiak asko ugaldu ziren aldi hartan. Ipar Ameriketan itsasoa kontinentetik atzeratu zen eta Rocky Mountains (Mendi Harritsuak) eta Coloradoko goi-ordokia eratu ziren. Europan, berriz, itsasoa Parisko arroan barneratu eta Alemaniako hego-ekialderaino iritsi zen. Frantziako alde bat ekialderantz biratu zen, itsas hondoko jalkinak lurrera bultzatuz, eta haren ondorioz Apeninoak hazi ziren. Iberiar Penintsulan, Pirinio mendiak eratzen hasi ziren; hala, iparraldean, Akitaniako arroarantz atzeratu zen itsasoa; Mediterraneo aldean, berriz, Kataluniako mendiak eratu ziren kostaldean eta Ebroko arroa itsasotik bereizirik geratu zen. Hala, ura lehortu zenean, gatzezko jalkinak pilatu ziren Suria, Cardona eta Iruñeko arroan. Euskal Herriko hegoaldean, Kantauriko mendilerroan, batez ere, ugari dira aldi hartan eratutako lurrak.