oligisto
iz. Geol. Burdin oxidoa (Fe2O3). Hematite gorria eta espekularita ere deitzen zaio. Trigono sisteman kristaltzen da; 5,2 eta 5,3 g/cm3 arteko pisu espezifikoa du eta Mosh eskalako 6,5eko gogortasuna; distiratsua da, eta grisaren eta beltzaren arteko kolorea du. Oligistoaren osaeraren % 70, gutxi gorabehera, burdina da. Hauts bihurtuz gero, azidotan urtzen da. Burdinaren mea preziatuenetarikoa da. Sarritan burdinaren beste mineralen aldaketen ondorioz sortzen da, limonitaren deshidratazio bidez, esate baterako. Haitz askotan agertzen da gai mikroskopiko gisa.