olefina
iz. Kim. Lotura bikoitz bat edo gehiago dituen hidrokarburo alifatikoa. Olefinek kate zuzena nahiz adarkatua izan dezakete. Lotura bikoitz bakarra dutenei monoolefina edo alkeno deitzen zaie; bi lotura bikoitz dituztenei, diolefina, alkadieno edo besterik gabe dieno; eta hiru lotura bikoitz edo gehiago dituztenei, triolefina. Etilenoa da molekularik xinpleena (CH2=CH2), eta sintesi kimikoan gehien erabilitzen dena; butadienoa da, berriz, diolefinarik garrantzitsuena. Olefinak petrokimikaren industrian asko erabiltzen direla eta (etilenoa, propilenoa eta butadienoa batez ere), hidrokarburo aseen (etanoaren, propanoaren, butanoaren eta naften) craking bidez sortu behar izan dira. Zuntzak ekoizteko erabiltzen dira.