Olasagasti, Jose Maria
Gipuzkoar aizkolaria (Igeldo, Donostia, 1959). Azken urteotako aizkolaririk onenetakoa, urteetan aurrera joan arren sariak eta txapelak eskuratzen jarraitu du. 1996an izan zen Euskadiko Txapeldun, eta orduz geroztik makina bat txapel eta sari lortu ditu. Euskadiko Txapeldun izan zen, besteak beste, 1999. eta 2000. urteetan. 1999an, berrogei urterekin, Urrezko Kopa –Peñagarikano gailenduta eta 1995az geroztik Larretxearen eskuetan zegoen errekorretik 22 segundora geldituta– eta Urrezko Aizkora –hori ere, Peñagarikanori aurrea hartuta– irabazi zituen. 2000. urtean Euskadiko Txapeldun eta Urrezko Aizkoraren irabazle izan zen, finalak Nazabal eta Mindegiari irabazita, hurrenez hurren.