Olasagasti Ezeiza, Eneko
Gipuzkoar zinemagilea (Donostia, 1960). Antzerkigintzan trebatu zen. Telebistan hasita, Euskal Telebistan emandako telesail arrakastatsuak zuzendu ditu, Bi eta bat (1991), Jaun eta Jabe (1995) eta Hertzainak (1999), esaterako. Zinemari dagokionez, Carlos Zabalarekin batera idatzi eta zuzendu zuen Maité (1994) filma izan zen bere lehenengo film luzea, eta bikotekide berberarekin egin zuen 1999an Sí, quiero filma ere, biak Igeldo Komunikazioa etxeak ekoitziak. 2000. urtean bakoitzak bere bidetik jarraitzea erabaki zuten Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik. Tentazioa ekoiztetxeko sortzaileetako bat izan zen. 2000. urtean, hamar urteko etenaren ondoren, antzerkira itzuli zen.