Olaizola Urbieta, Manuel
(«Uztapide» deitua). Gipuzkoar bertsolaria (Endoia, Zestoa, 1909 - Ergoien, Oiartzun, 1983). Uztapide baserrian jaio zen, eta hortik datorkio izena. Zubeltzurekin, Kortatxorekin eta Zepairekin hasi zen lagunartean bertsotan. Lasturren kantatu zuen lehenengo aldiz plazan, 1935ean. 1936ko txapelketa nagusian parte hartu zuen eta bigarren geratu zen, Txirritaren ondoren. Gerra ondoren Basarrirekin eta Zepairekin batera ibili zen plazarik plaza, bertsolaritzari eutsiz eta bide berriak zabalduz. 1952an ezkondu eta Oiartzuna joan zen bizitzera. 1959an Gipuzkoako txapeldun izan zen eta Euskal Herrikoa 1962an, 1965ean eta 1967an. 1972an, Donostiako Anoeta frontoian kantari ari zela, ahotsik gabe geratu zen, kantatu ezinik. Erretiratu eta bertso jarriak eta memoria liburu bat (1975, Lengo egunak gogoan) idazteari ekin zion. Bi bertso liburu argitaratu zizkioten: Noizbait (1964) eta Sasoia joan da gero (1976).