Olaizola Gabarain, Jose
(«Ereslari» deitua). Gipuzkoar musikagile, organo-jotzaile eta idazlea (Hernani, 1883 - Donostia, 1969). Donostiako Arte Ederretako eskolan egin zituen piano, organo eta harmoniako ikasketak. S. Esnaolak Donostiako Orfeoia sortu zuenean, Olaizola izan zen lehen piano-jotzailea. Donostiako San Pedro parrokiko organo-jotzaile izan ondoren, Andra Mari basilikako organo-jotzaile izan zen 1906. urtetik aurrera, hil zen arte. Musika lan labur ugari idatzi zituen: Ume zurtza, Amets urdiñak, Agur izar ori! Sorgiñeta, Asto txistularia, Urte leloak, Biotz illun, Udazken danean, Mendietan eta Gurutzearen oñetan izenekoak, esaterako. J.M. Usandizagaren lankide izan zen. Antzerkiak ere idatzi zituen. Basa-jauna (1922) bakarrizketa; Markesaren alaba (1908); Zorigaiztoko eztayak (1909); Ingelesaren euritakoa (1909), dramak; Oleskari zarra (1916); Biar arte?, ja jai! (1919); Gora, gora antziñako legiak! (1922), komediak. Abelino Barriolak idatzitako Zori gaiztoko eguna antzerkilanari musika jarri zion. Euskal Esnalea aldizkarian olerki batzuk eta ipuin bat argitaratu zituen: Itziartxo edo Ama zerutarraren eskerra (1909). Euskal Erria, Gipuzkoarra eta Txistulari aldizkarietan ere idatzi zuen. Euskaltzain urgazlea izan zen.