Olaizola Lazkano, Jesus Mari
(“Txiliku”). Gipuzkoar idazlea (Zarautz, 1951). Testu-liburuez gain, kontakizunak ere idatzi ditu, batez ere haur eta gazte literaturaren arlokoak: Zozoa eta biok (1982), Muxi eta Puxi (1987), eta Katixa eta Kroko (1992), beste askoren artean. Helduentzat, Hontzaren orduak (1999) ipuin-bilduma kaleratu zuen 1999an, eta hurrengo urtean 101 gauetan istorio bana biltzen duen 101 gau lana eman zuen argitara. Urte berekoak ditu Axa mixa zilarra, Elena Odriozola marrazkilariarekin batera paratutako liburu bitxia, umeek tradizioarekin jolas egin dezaten igarkizun, kanta eta aho-korapiloz osatutako liburua, eta Kikik Koko nahi du, Jokin Mitxelenak marraztua. 2004. urtean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi zuen Osaba Bin Floren narrazioarengatik. 2006an Bizitza eredugarriak biografia-bilduma argitaratu zuen.