Oihenart, Arnaut
Zuberotar idazle eta historialaria (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667). Euskal literaturaren barruan, eta gorde diren datuen arabera, apaiza ez zen lehen idazlea izan zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Bordelen; kultura handiko gizona zen. 1623an, hirugarren estatuko sindiko edo diputatu hautatu zuten, Zuberoako ordezkari gisa, nahiz eta lehenengo eta bigarrengo estatukoak (aitonen semeak eta kleroa) kontra izan zituen. 1627an, Joana de Erdoyrekin ezkondu zen. Hori dela eta Donapaleura joan zen bizitzera. Nafarroako Legebiltzarreko legegizona izan zen. v Obra. 1638an, Parisen, Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanicæ (Bi Euskal Herrien, Iberiarraren eta Akitaniarraren kondaira) argitaratu zuen, latinez. Euskal Herriko historia bat da, garai hartan idatzi zen kritikoena eta egiantz handiena duena. Liburu horretan aurkitzen da euskal gramatikaz egindako lehen aurkezpena: deklinabidea, aditz jokoa. Oihenarten bigarren lanaren izenburua Les Proverbes Basques recueillis par le Sr. d’Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur (1657) da. Bi zati ditu: Atsotitzac edo Refrauac, eta O[ihenar]ten gastaroa neurthizetan. Lehen zatian esaera zaharren bilduma bat egiten du, eta bigarrenean olerkiak ageri dira. Azken horien artean amodiozko gaia da nagusia, erlijiozko olerki baditu ere. Olerkari gisa, metrika berria erabiltzen du, landua eta zehatza, XVI. mendeko Europako poesia beretuta. Herri bertsogintzaren bideetatik urrundu zelarik, Oihenarten poesia hotza zela esan izan dute zenbait kritikarik. Halere baditu oso olerki hunkigarriak, hala nola emaztea izan zuenaren oroitzapenetan egina, bai eta beste batzuk freskotasun handikoak ere, hala nola Lau karbarien eresiak deitua. Hizkuntza aldetik garbizaletasuna antzematen zaio, neologismoak sortzeko beharra sentitzeraino, baina hitzak sortzeko orduan euskararen ahalmenetara jotzen du (neurtitz, hilartitz, hamalaurkun hitzak esaterako, berak sortuak dira). Joskera aldetik ere berezia da, eta aditz trinkoa asko erabiltzen du. Pierre Lafittek 1967an aurkitu eta argitaratu zuen L’art Poétique Basque izeneko eskuizkribua, Oihenarteren metrikari buruzkoa. Oihenartena da, halaber, Déclaration historique de l´injuste usurpation et retention de la Navarre par les Espagnols (1625 eta 1755-62). v Francisque-Michelek, 1847an, atsotitzen eta neurtitzen argitalpen berri eta osotu bat egin zuen. Geroztik, gaur egun arte beste bi argitalpen egin dira, Larresorok (1971) eta Orpustanek (1992) prestatuak. 1992an, Oihenarten jaiotzaren IV. mendeurrenean, Euskaltzaindiak antolatuta, jardunaldi batzuk egin ziren, Oihenarten bizitza eta obrari buruzkoak, Maulen eta Donapaleun.