odol
iz. Kolore gorriko isurkari lodia, gorputz osoan zainetan zehar dabilena. || (Grinen eragiletzat hartua). Mutil odol-beroa. || odol(-)belar. Horma-belarra (Parietaria officinalis). || odol(-)emaile. Gipuzkoan asko dira odol emaileak. || odol(-)hodi. Odola ibiltzen dena. || odol(-)kolpe. Gorputz zati batean gertatzen den odol metatzea, odola atereaz sendatzen zena. v Anat. Zelulek eta oinarrizko isurkari batek osatua da odola; guztira, % 78 ura da, eta % 22 solidoak. Gizakiarengan, gorputzaren pisuaren 1/13 da odolaren masa, eta 5 litroko bolumena du. Gorputz atalak elkarrekin komunikaraztea da odolaren eginkizun nagusia, eta, horrekin batera, zeluletaraino ezinbestekoak diren gaiak helaraztea. v Odolaren osagarriak. Bi osagarri nagusi ditu: isurkaria (plasma) eta zelulak (hematieak —eritrozito edoglobulu gorri izenez ere ezagutzen direnak—, leukozitoak edo globulu zuriak, eta plaketak edo tronbozitoak). Plasmaren osagarriak ura, gatz mineralak eta molekula organikoak (gluzigoak, lipidoak, protidoak) dira. Hematieak, eritrozitoak edo globulu gorriak nukleorik gabeko zelulak dira, hezur muineko zelula batzuek (eritroblastoek) sortuak. Hemoglobina asko dute (burdina duen koloregai gorria), eta koloregai horren bidez eramaten dute oxigenoa biriketatik ehunetaraino, eta alderantzizko bidean anhidrido karbonikoa. Eginkizun horrez gainera, gorputzaren azido/base orekari eusten diote, hidrogeno ioien kopurua egonkor mantenduz. Gizonezkoek 5.000.000 hematie mm3-ko dute, eta emakumezkoek 4.500.000. Leukozitoak edo globulu zuriak zelula nukleodunak dira; 6.500-7.000 leukozito daude mm3-ko. Bost multzo nagusitakoak izan daitezke: granulozito neutrofiloak; granulozito eosinofiloak; granulozito basofiloak; linfozitoak eta monozitoak. Multzo bakoitzari dagokion kopurua formula leukozitarioaren arabera zehazten da: neutrofiloak, % 66; eosinofiloak, % 1’5; basofiloak, % 0’5; linfozitoak, % 26; monozitoak, % 6. Hezur muineko zelula batzuek (granulozitoek) eta linfa gongoilek (linfozitoek eta monozitoek) sortuak dira. Leukozitoen eginkizun nagusia infekzioen kontra borrokatzea da. Plaketak edo tronbozitoak nukleorik gabeko zelula txikiak dira, 1-3 µ bitarteko diametroa eta 8 µ3-ko bolumena dutenak. 300.000-500.000 plaketa daude mm3-ko. Hemostasiaren eragileak dira plaketak: odolaren gatzatze prozesua eragiten dute; fibrina osatzen laguntzen dute; odolbildua eratzen parte hartzen dute, eta, behin odolbildua eratuz gero, hura odol hodiaren horman itsasten laguntzen dute. Odolaren osagarri kimiko nagusiak hauek dira: plasma proteinak (albuminak, globulinak eta fibrinogenoa; guztira, 6’7 g daude 100 cm3-ko); lipidoak (gantz neutroak, kolesterola eta honen esterak, eta fosfolipidoak; guztira, 750 g daude 100 cm3-ko); glukosa (0’8-0’9 g/cm3); proteina ez diren gai nitrogenodunak (urea, azido urikoa, aminoazidoak, fosfagenoak, amoniakoa; guztira, 25-40 mg/100 cm3); bilirrubina (0’5 mg/100 cm3); burdina (130 g/100 cm3); fosforoa (10-15 mg/100 cm3); kaltzioa (9-10 mg/100 cm3); elektrolitoak (sodioa, potasioa, kloroa). v Odol taldeak. Hematieek antigeno ugari dituzte, eta horien arabera zehazten dira odol taldeak. Bi dira odol taldeak zehazteko erabiltzen diren sistema nagusiak: AB0 sistema eta Rh sistema. AB0 sistema: sistema hau A eta B aglutinogenoen eta anti-A eta anti-B aglutininen arabera zehazten da, eta lau talde ditu: A (A aglutinogenoa eta anti-B aglutinina hematietan); B (B aglutinogenoa eta anti-A aglutinina hematietan); AB (bi aglutinogenoak, baina aglutininarik ez hematietan) eta 0 (bi aglutininak, baina aglutinogenorik ez hematietan). Rh sistema: 1941n, Landsteiner-ek eta Wiener-ek, faktore berezi bat aurkitu zuten Macaca rhesus izeneko tximinoaren odolean, gizonaren hematieak bilarazten zituena. Aurkikuntza horretatik abiatuta, bi multzotan banatu da, sistema honen arabera, odola: Rh-positiboa (Rh antigenoa duena) eta Rh-negatiboa (Rh antigenoa ez duena). Odol transfusioetan du garrantzia, batez ere, odol taldeen banaketak, bi sistema horiek mugatzen baitute pertsona batek onar dezakeen odol mota. Jaioberriarengan bestalde kontu handiz zaindu behar da gurasoen Rh faktoreen elkargarritasuna. v Odolaren koagulatzea edo gatzatzea. ik. koagulatu.