Ochoa, Eugenio de
Gipuzkoar idazlea eta itzultzailea (Lezo, 1815 - Madril, 1872). Madrilen hasi zituen ikasketak eta José de Espronceda idazlearen lagun egin zen. Pinturazalea zen eta Parisa jo zuen bertako Arte Ederretako eskolan ikastera. Handik itzulitakoan La Gaceta aldizkariko erredakzio lanetan jardun zuen 3 urtez. Parisa joan zen berriro ere eta Colección de los mejores autores españoles antiguos y modernos bilduma zuzendu zuen han. 1840. urtean Apuntes para una biblioteca de autores españoles contemporáneos en prosa y verso obra argitaratu zuen eta lau urte geroago Catálogo razonado de los manuscritos existentes en la Biblioteca Nacional de París. 1844. urtean Madrilen jarri zen bizitzen eta El Artista aldizkaria sortu zuen Pedro Madrazo koinatuarekin batera. Victor Hugo, Alexandre Dumas, Lamartine, Virgilio eta beste egile handien obrak itzuli zituen, besteak beste. Harenak dira, halaber, Auto de fe (eleberria, 1837), Ecos del alma (poesia, 1841), Un día del año 1833 (antzerkia, 1835) eta Tesoro del teatro español obrak.