obulutegi
iz. Anat. Gonada femeninoa. Bertan egiten da obogenesia, eta ornodunen kasuan guruin endokrino ugariren isuria ere. Ugaztunetan izan ezik, beste animalia mota guztien obulutegiek obulu asko ekoizten dituzte aldiko, era horretan motaren iraupena segurtatzeko. Emakumearen obulutegia, zurixka, zapala eta luzarana da, eta 3 cm inguruko luzera du. Histologiaren ikuspegitik, ernaltze epitelioaz, albugineaz eta folikuluez osatua dago. Folikulu gehienek ernaltze zelula bat dute erdigunean, obozitoa, eta zelula zapalez osatutako geruza bat kanpoaldean. Emakumearen jarduera endokrinoaren eraginez, obozitoa garatzen eta hazten da, nukleoa ere hazi egiten zaio obozitoari, inguruko egiturak aldatzen dira eta azkenik Graaf-en folikulu heldu deitzen den aldira iristen da folikulua. Orduan obuluak 10 mm-ren inguruko diametroa du, eta folikulua hazia dago eta isurkariz beteta. Erabateko heldutasunera iritsi ondoren, folikulua apurtu egiten da, eta tronpak hartzen du askatutako obulua. Ibilbide horretan espermatozoideak ez badu ernaltzen, obuluak bizitasuna galtzen du. Emakumearen sexu-bizitza aktiboak dirauen artean folikulu bakarra iristen da, normalean, heldutasunera ziklo bakoitzean. Ernalketa gertatzen baldin bada, folikulua gorputz hori bihurtzen da, eta bere isurketa endokrinoa ezinbestekoa da karena eratu aurretik haurdunaldiari eutsi nahi bazaio. Obulutegiak bi hormona mota isurtzen ditu batik bat: estrogenoak eta progestogenoak. Estrogenoak zikloaren lehenengo erdian isurtzen dira, obulazioa gertatu arte alegia, eta progestogenoak, zikloaren bigarren erdian; azken hauek umetokiaren paretak haurdunaldirako prestatzen dituzte. Sail horietako bakoitzeko hormonarik garrantzitsuenak folikulina eta progesterona edo luteina dira. v Bot. Landare angiospermoetan, pistiloaren oinean dagoen zatia, obuluak dituena. Ernalketa gertatu ondoren, obuluak hazi bihurtzen dira eta obulutegia fruitu. Landare gimnospermoetan, aldiz, kanpoaldeko zulogune batzuetan daude gordeta obuluak.
- obstetrizia
- obtektu
- obturadore
- obulazio
- obulu
- obulutegi
- obus
- oc
- Oca
- Oca
- Oca