Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

obulu

iz. Biol. Sexu zelula femenino heldua, ernaldua izateko gai dena. Obozito ere esaten zaio. Poriferoen obuluak mintz plasmatikoa besterik ez dute. Mintz hori oso lodia da ugaztunetan. Batzuetan beste mintz bat ere izaten da, egitura aldakorrekoa, espermatozoideak sartzeko edo ernalketaren ondorioz sortuko den umekiak arnasa hartu ahal izateko mikropiloak izan ditzakeena. Hirugarren mintz bat ere izaten da zenbaitetan, albumina, hots, narrasti eta hegaztien oskoleko mintza edo oskola bera. Orokorrean, obuluak biribilak eta handiak dira; hegazti eta arrain batzuenak 8 cm-ko diametroa izan dezakete. Obuluaren osagai nagusia biteloa da eta umekia arrautzaren barruan garatzen laguntzen du.  v Emakumearen obulua 0,1 mm baizik ez duen zelula soila da, eta atal hauek ditu: protoplasma (biteloa); protoplasma biltzen duen geruza, bi mintzez osatua (bitelo-geruza eta gune peluzidoa); masa handiko nukleoa (ernamuin-pusila edo Purkinje-ren pusila) eta nukleoloa (ernamuin-orbana).  v  Bot. Landare hazidunen egitura, landarea ernalduz gero hazi bihurtzen dena. Gune, enbrioi-zisku eta babes tegumentuek osatzen dute obulua. Angiospermoen obuluak karpeloaren barnean izaten dira, eta gimnospermoenek, berriz, ez dute babes egiturarik inguruan.