O'Brien, Edna
Irlandar eleberrigilea (Tuamgraney, 1932). Farmaziako ikasketak egin zituen, eta farmazialari gisa lan egin zuen hasieran. 1960an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen: Baserriko neskak, trilogia bateko lehenengoa. Trilogia osatu zuten beste bi liburuak Neska bakartia (1962) eta Neskak beren ezkontza bedeinkatuetan (1964) dira. Eleberri horietan esperientzia berriak eta bizitzaren gozo-mikatzak probatzera ausartzen diren nesken gorabeherak kontatzen dira. Lan horien ondoren ere, Edna O'Brienek nesken barne gatazkez eta gizon eta emakumeen arteko hartu-emanez eta problemez idazten jarraitu zuen. Lan horien artean aipagarrienetako bat Gaua (1972) da, loezina duen emakume baten gau bateko bakarrizketa. Bestalde, ipuin bilduma batzuk ere idatzi ditu, hala nola Reinhardt andrea eta beste kontakizun batzuk (1978), Itzulera (1982) eta Diapositibak (1990).