Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nurenberg

(Al. Nürnberg). Alemaniako hiria, Frankonia lurraldeko hiriburua; Bavariako estatuan, Pegnitz ibaiaren ibarrean dago; 481.900 biztanle (1989). Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketek erdi suntsitua utzi zuten arren, gaur egun hiru hirigune ditu Nurenberg hiriak: hiri zaharra, Erdi Arokoa, harresiz inguratua dagoena, III. Reich-aren garaikoa eta gerra ondorenean industriagunea zabaltzean eraikitakoa. Hiri zaharrean daude gotiko estiloan egindako San Lorenzo eliza, XIV-XV. mende bitartekoa, San Sebaldo eliza XIII. mendekoa, XI. mendeko gaztelua eta Dureroren etxea. Garrantzirik handieneko ekonomia jarduera industria da, eta zerbitzuak dira.  v  Nurenbergeko auzia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemaniako hainbat buruzagi eta erakunde naziri hiri horretan egin zitzaien epaiketa. 1945eko azaroaren 20tik 1946ko urriaren 1 arte iraun zuen auziak. Britainia Handiak, Estatu Batuek, Frantziak eta Sobietar Batasunak jarritako epaileek Alemaniako Alderdi Nazional-Sozialistako buruzagi edo III. Reich-eko zuzendaria izandako 24 pertsona eta 8 erakunde politiko epaitu zituzten auzi horretan. Nazioarteko 34 itun hautsi izana, gerraz eraso eta hura mundu guztira zabaldu izana, milioika pertsona hil eta torturatu izana, arerio politikoak, arrazaz edo erlijioz gutxiengo zirenei jazarri izana eta zenbait etniatako gizon eta emakume talde handiak hil izana leporatzen zitzaien epaituei. 24 epaituetatik 12 urkabean hiltzera kondenatu zituzten: Goering, Ribbentrop, Kaltenbrunner, Keitel, Rosenberg, Frank, Frick, Streicher, Sauckel, Jodl, Seyss-Inquart eta Bormann. Hiruri hil arte espetxean egotera kondenatu zieten: Hess, Funk eta Raeder. Heriotza zigorra eman zieten 12etatik Göering ez beste guztiak (bere burua hil zuen hark) 1946ko urriaren 16an urkatu zituzten. Lau erakunde politiko kondenatu zituzten bestalde, Alemaniako Langileen Alderdi Nazional-Sozialista, Gestapo, SS eta SD erakundeak.