Novikov, Sergi Petrovitx
Errusiar matematikaria (Gorky, gaur egun Nizhny Novgorod, Errusia, 1938). Bere gurasoak matematikari ezagunak ziren. Matematika titulua Moskuko Unibertsitateko Matematika eta Mekanikako fakultatean atera zuen 1960ean. Gero ikerlanean hasi zen Moskuko Matematikako Steklov Institutuan, M. M. Postnikov-en zuzendaritzapean, eta 1964an bukatu zuen doktoregoa. Steklov Institutuan eta Moskuko Unibertsitatean aritu zen lanean hurrengo urteetan. 1971n Errusiako Zientzietako Akademiako Fisika Teorikorako L. D. Landau Institutuko zuzendari egin zuten. Moskuko Unibertsitateko hainbat sailetako zuzendari ere izan zen, eta 1985-1996 urteetan Moskuko Matematika Elkarteko lehendakaria. 1996tik aurrera Estatu Batuetako Maryland-eko Unibertsitean dihardu lanean. 1971 arte topologia diferentzialaren alorra ikertu zuen Novikov-ek. 1965ean azaldu zuen gaur Novikov-en konjetura deitzen dena, topologiako problema garrantzitsuenetako bat; 1970eko Nizako Matematikarien Nazioarteko Kongresuan, Fields domina jaso zuen bere konjeturari esker. Hala ere, 1971tik aurrera fisika matematikoa eta sistema dinamikoak lantzen hasi zen. Matematikaren aplikazio ugari ikertu zituen, besteak beste, eredu kosmologiko homogeneoak, solitonen teoria, eragile linealen teoria espektrala, quantum-en teoria eta korden teoria. 1981n Errusiako Zientzietako Akademiako kide egin zuten, eta urte berean Lobatxevski saria jaso zuen. Londresko Elkarte Matematikoko eta Accademia dei Lincei-ko kide da. 1994an Estatu Batuetako Zientzietako Akademia Nazionaleko kide aukeratu zuten.
- Novello, Antonia
- Novempopulania
- Novgorod
- Novi Sad
- Novia de Salcedo, Pedro
- Novikov, Sergi Petrovitx
- Novo, Salvador
- Novoneyra, Uxío
- Novosibirsk
- Novotny, Antonin
- Noyon