Novgorod
Errusiako hiria eta izen bereko eskualdeko hiriburua, Volkhov ibaiaren ondoan, Ilmen aintziratik 9 km-tara. 229.000 biztanle. Turismogune garrantzitsua da. Ongarri kimikoak, zurgintza (altzariak) eta metalurgia. v Historia. Novgorod (errusieraz “hiri berria”) Errusiako hiri zaharrenetarikoa da (kroniketako lehen aipamena, 859. urtekoa). 882an Novgorod-eko Oleg Jakintsua printzea Kiev-ez jabetu eta han Errusiako lehen hiriburua eraiki zuen. 989an Vladimir printzearen garaian hango biztanleak indarrez bataiatu zituzten. 1019tik aurrera halako gobernu propioa eskuratu zuen. Hala, XI. mendetik aurrera, Hansa-ko zenbait hirirekin lankidetzan ari zela, merkataritzagune garrantzitsu bihurtu zen, Errusia eta sortaldea Alemaniarekin eta Baltikoko lurraldeekin harremanetan jartzen baitzituen. Sartaldeko merkatariek garia, larruak, gatza, arrain lehorra eta beste zenbait produktu eskuratzen zituzten han. 1242an Alexander Nevski printzearen laguntzarekin Zaldun Teutoiei aurre egin ahal izan zien. 1478an Ivan III.a Handiak Moskuren azpian ezarri zuen. Hala ere, Novgorod-eko biztanleek hiriaren askatasunaren alde egin zuten eta 1570ean Ivan IV.a Izugarriak haietariko asko hil, eta bizirik geratu zirenak erbesteratu zituen. XVII. mendean Baltikoko gerrek hiriaren beheraldi ekonomikoa ekarri zuten. Bigarren Mundu Gerran hiriko monumentu asko hondaturik geratu ziren, geroztik zaharberritu diren arren. v Artea. Monumentu asko ditu; monumentu horiek garrantzi handia izan zuten Errusiako lehenengo artean. Horietako batzuk: Santa Sofia katedrala (1050), San Nikolas katedrala (1113), Ama Birjinaren Jaiotza eta San Jurgi katedralak (XII. mendea). Bizantzioko tradizioetan oinarriturik, XII-XVI. mende bitartean Novgorod-en garaturiko ikonografia eta horma pintura Errusiako artearen oinarria izan da.