Novia de Salcedo, Pedro
Biztaitar politikari, hizkuntzalari eta idazlea (Bilbo, 1790 - Bilbo, 1865). Bilboko San Frantzisko ikastetxean egin zituen Filosofia ikasketak. 1820an, Probintziako diputatu izendatu zuten. Handik lau urtera Bilboko Kontsulatuko buru izan zen, eta 1825ean eta 1846an Diputatu Nagusi, Oñaztarren alderdiko ordezkari. Kargu hartan izan zen bitartean foruak kentzeko saioen kontra jardun zuen suharki, eta haren jarrerari esker bertan behera gelditu ziren saio haiek guztiak. Bilboko alkate izan zen eta Gorteetako diputatu eta senadore. 1851n, Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Bizcaya y provincias de Alava y Guipúzcoa, hiru probintzien foruen aldeko adierazpena argitaratu zuen. Hiztegigintzan ere aritu zen; harena da Diccionario etimológico del idioma bascongado izeneko hiztegia, hil ondoren, bi liburukitan argitaratu zena (1887). Novia de Salcedok Larramendiren hiztegia hartu zuen oinarri gisa, baina azalpenak, Aizkibelek Euskeratik Erderara biurtzeko Itztegian egin zuen bezala, euskaratik gaztelaniara eman zituen. Helburua ordea, ez zuten biek berbera izan, Novia de Salcedok etimologiak aurkitu nahi baitzituen. Euskarazko hitzen zati txikienei (silabei, letrei…) esanahia eman nahi izan zien.