Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Novempopulania

(Eusk. «Bederatzi herrien lurraldea»). K.a. I. mendean, erromatarren agintepean, Pirinio mendien ipar-mendebaleko lurraldea. Garonne ibaiaren ezkerreko bazterretik Pirinioetara zabaltzen zen; herri euskaldun akitaniarrak bizi ziren han. Bederatzi herrialde bereizten ziren hasieran, eta Galiako Akitaniako lurralde handiaren barnean egon zen, Augustoren garaian bereiztea lortu zuten arte. Bederatzi ez baina hamabi hiri eta lurralde bereizten ziren bertan IV. mendean, Elusa (egungo Eauze hiriburu): Metropolis civitas Elusatium (Eauze), civitas Ausciorum (Auch), civitas Aquensium (Akize), civitas Boiatium (Buch eta Born), civitas Benharnensium (Lescar), civitas Truba ubicastrum Bigorra (Tarbes), civitas Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges), civitas Consoranorum (Saint-Lézer, Couserans), civitas Aturensium (Aire-sur-l’Adour), civitas Vasatica (Bazas), civitas Lactoratium (Lectoure), civitas Iloronensium (Oloroe). Egungo Ipar Euskal Herrian, tarbelli herriak hartzen zituen Lapurdi eta Nafarroa Behereko herrialdeak eta sibyllate herriak, aldiz, Zuberoa. Erromatarren kolonizazioa indartsua izan zen Novempopulaniako iparraldeko lurretan eta latinizazio prozesu laster horren ondorioz sortu zen han gaskoi hizkuntza V-X. mendeen artean. Euskarak bizirik iraun zuen hegoaldeko lurretan eta IX-XI. mendeetan zabaldu zen gaskoia Pirinio mendien erdialdera. Novempopulanian sortu eta finkatu zen Baskoniako Dukerria (VII-XII. m.).