Nizan, Paul
Frantses idazlea (Tours, 1905 - Dunkerketik hurbil, 1940). Raymond Aron-en eta Jean Paul Sartre-ren eskolakidea izan zen. 1925ean Arabiara joan zen. 1927an Frantziako alderdi komunistako kide egin zen. Filosofia eskolak eman zituen aldi batez, baina gero kazetaritzan eta literaturgintzan jardun zuen. 1939an, Frantziako alderdi komunistak sobietarren eta alemaniarren arteko hitzarmena onetsi zuenean, alderdia utzi zuen. Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen eta Dunkerketik erretiratzerakoan hil zuten. Idazlan nagusiak: Aden-Arabia (1931), kolonialismoaren aurkako saiakera; Les Chiens de garde (1932, Zakur zaindariak), unibertsitatearen egoeraren kritika egiten duena; eleberriak: Antoine Bloyé (1933), Le Cheval de Troie (1934, Troiako zaldia), La Conspiration (1938, Konspirazioa).