Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nimega

(Neerl. Nijmegen). Herbehereetako ekialdeko hiria, Güeldre (Gelderland) probintzian, Waal ibaiaren ertzetan eta Alemaniako mugatik gertu. 147.000 biztanle. Industriagunea: industria mekanikoa, berogailu eta elektrizitate tresnak, ehungintza, papergintza, jantzi eta zapatagintza, etab. Burdinbide lotune garrantzitsua. Unibertsitate katolikoa.  v  Historia. Noviomagus antzinako hiri zelta zen; Trajano enperadoreak erromatartu zuen (Ulpia Noviomagus). Enperadorearen egoitza izan zen Karlomagnoren garaian. Gero Hansa-ren barne egon zenhiri aske gisa; 1585ean espainiarren mende erori zen eta 1672an frantsesek beretu zuten. 1806tik aurrera holandar hiria izan da, Napoleonen mende egon zen aldian izan ezik (1810-1814). Antzinako eraikuntza gehienak suntsiturik gertatu ziren Bigarren Mundu Gerran amerikarrek egindako bonbardaketaren kariaz (1944).  v  Nimegako hitzarmenak. Hiri horretan Frantziak, Holandak, Espainiak eta Inperioak sinaturiko bake itun sailaren izena (1768ko abuztua - 1769ko otsaila). Frantziako Luis XIV.ak 1672an Herbeheren aurka egindako erasoaren ondorioz, Hagako Aliantza Handia (1674) osatu zuten Holandak, Espainiak, Inperioak, Brandeburgok eta Lorrenak. Hala ere, hauek ezin zioten frantziar gudarostearen oldarrari eutsi, baina Ingalaterrak jarrera neutrala alde batera utzi eta Holandarekin elkar hartu zuenean (1678ko uztaila) Luis XIV.a bakezkoak egitera makurtu zen. Hitzarmenen ondorioz Holandak Maastricht berriro bereganatu eta merkataritza abantaila zenbait lortu zituen. Espainia galtzaile atera zen (Franche-Comté eta 14 hiri eman behar izan zizkion Frantziari, beste zenbait beretu bazituen ere). Enperadoreak Philisburgo bere esku gorde zuen, Frantziari emandako Friburgo eta Brisach-en truke.