Nilo
Afrikako ipar-ekialdeko ibaia, munduko luzeena (6.966 km). Bi adar nagusi ditu, Nil el Abyadh, Nilo Zuria, goi ibilguan Kagera deitua, Victoria aintziran sortu (1.133 m-ra itsasoaren mailatik), Uganda osoa eta Sudango hegoaldea igaro eta Khartum hirian, Nilo Urdinarekin (1.964 m3/s) elkartzen dena, eta Nil el Azraq, Nilo Urdina, Tana aintziran (Etiopia) sortu eta Nilo Zuriarekin elkartu baino lehen Sudango ipar-ekialdea igarotzen duena. Sudango iparraldean, bosgarren eta seigarren ur-jauzien artean, berriz, Atbara ibaia elkartzen zaio. Elkargune horretatik Kairora bitartean ubide bakarra du; Kairon berriro hainbat adarretan banatu, inguruan delta zabal bat eratuz, eta Mediterraneo itsasoan isurtzen du ura. Ura itsaso horretara isurtzen dutenetan udan ur gehiago duen bakarra da. Ekuatore lurraldeetako (Ruanda, Uganda) eta batez ere Etiopiako mendietako eurialdiek (montzoi haizeek urtaro oso finkoetan ekarriek) eragiten dute hori. Itsasoratzean duen batez besteko ur-emana segundoko 2.000 m3-koa da. Nilo Zuriak goi-ibilguan nahiko emari iraunkorra darama beti (segundoko 2.000 m3), abuztuan segundoko 3.000 m3 badarama ere. Nilo Urdinak aldiz gorabehera handiak izaten ditu; lehorraldian segundoko 200 m3 emaria du eta eurialdian segundoko 7.000 m3. Horren eraginez Nilok berak ere alde handiak izaten ditu behe-ibilguan. Bestalde, behe-ibilguan ibar lauagoa du eta daraman ura bi aldeetara zabaltzen da tropikoko lurraldeetan eta Etiopian eurialdia denean. v Ibar horietara egokitu ziren zibilizazioek etekin handiak atera zizkioten laborantzari uholdeei neurria hartzeko modua aurkitu zutenean. Gorabehera horien arabera antolatu behar izan zuten, bestalde, gizartearen egitura. Batez ere XX. mendeaz gero lan handiak egin dira urtegien bidez ura ubideen hasierako mailaraino altxatzeko, ur eutsien bidez ura lehorraldietarako gorde ahal izateko etab. Horietan ezagunena Asuangoa da, Nasserren aintzira deitua (1971), urari eusteko horma 5 m zabala eta, gunerik apalenean, 76 m garaia duena. 700.000 ha labore sail ureztatzen da aintzira horretako urez. v Nilo ibaia, eta Egiptoko zibilizazioa. Ia batere euririk egiten ez duen basamortu batean sortu zen Egitoko zibilizazioa (urtean 33 mm3). Adur txarreko gauzatzat zeukaten gainera euria. Egurats baldintzak horrela zirela, egiptoarrak Nilo ibaiaz baliatu ziren beren zibilizazioa garatzeko. Hark ematen zien bizitzeko behar zuten ura, baina orobat, hark, beti hari begira egon beharrak moldatu zituen egiptoar estatuaren barruko eta kanporako antolaketa ere: 1) Zibilizazio hori ibaiaren behe ibilguan, azken 1.300 km-etan sortu zen, ontziz eroso ibil baititeke ibaiaren tarte horretan. 2) Ibaiak gune horretan duen malda behera ez da ontziak ibiltzea galarazteko adinakoa, baina bai uholdeen ondoren ura berriro ibaira bihurtzeko adinakoa. Horrela, ureztatze lanen ondoren laborearentzat kaltegarriak ziren gatzik ez zen soroetan pilatzen, eta laborariei soroak lehortzen ibili beharra aurreratzen zien. 3) Uholdeak eta lehorraldiak garai jakinetan izatean (Nilo Urdinaren ur ekarria) egutegia hiru arotan banatzera eraman zituen egiptoarrak (egiptoar kalendarioa): ajet (uholde garaia), peret (uztaroa) eta shemu (lehorte garaia). 4) Nekazariek ureztatzen eta soroetako ura ateratzen luze jarddun beharrik ez zutenez, lan publiko eta erlijioarekin harremana zutenetan (piramideak egiten eta) betetzen zuten urteko gainerako denbora, eta horretan esklaboak erabili beharrik ez zen izan. 5) Beraz, ez zuen Egiptoko zibilizazioak, beste hainbat ibai inguruko zibilizazioek bezala, jendearen aleginak ibaia kontrolatzera bildu beharrik, eta horrekin, estatu antolaketa gogorra ezarri beharrik izan, egiptoarrei ibaiaren ziklo jakinek erraztu baitzizkien (Mesopotamian, Indo ibaiaren arroan edo Hoang Ho-renean ez bezala) labore sail oparoak izateko hain antolaketa zorrotza eskatzen duten ureztatze eta lehortze-lanak.