Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nepal

(Izen ofiziala, Nepalgo Erresuma; Nepaleraz, Nepal Adhirajya). Asiako erdialdeko estatua, Himalaia mendikatean, Tibeten eta Indiaren artean. 140.800 km2. eta 28.287.147 biztanle (2007, nepaldarrak). Mugak: ekialdean, hegoaldean eta mendebaldean India; iparraldean Tibet (Txina). Hiriburua: Katmandu. Hiri nagusiak: Biratnagar, Lalitpur, Bhaktapur eta Pokhara. Etniak: bihariak (maithiliak eta bhojpuriak barne), tharuak, newarrak, gurungak, magarrak, tamangak, bhotiak, rai-ak, linbuak, sherpak. Erlijioak: hinduistak % 90; budistak % 5; musulmanak % 3; beste batzuk % 2. Hizkuntzak: nepalera (ofiziala), beste hogei hizkuntza (etnia bakoitzak berea, gutxi gorabehera) eta dialekto asko. Dirua: Nepalgo errupia.  v  Orografia eta hidrografia. Nepal munduko lurralde menditsuenetako bat da. Zenbat eta iparralderago, lurraldea gero eta menditsuagoa da (Txuriako aldatsetan hasi eta Mahabharat mendietaraino). Hegoaldean, Indiarekin muga egiten duela, Tarai-ko zabaldi zingiratsua dago (180-360 m), Nepalgo lur emankorrenak dituena.  Nepalgo iparraldean, Txinako muga joz, Himalaiako mendikatea dago, 4.250 m-tik hasi eta 8.000 m baino garaiago diren mendiak dituena. Han daude munduko mendi garaiena, Everest (8.848 m), eta 8.000 metro baino gehiago dituzten Kantxenjunga, Lhotse, Makalu, Cho Oyu, Dhaulagiri, Manaslu eta Annapurna mendiak. Nepalgo ibaiak laburrak eta ur emari handikoak dira; Ganges ibaian isurtzen dute ura; Kosi, Gandak eta Karnali dira nagusiak.  v  Klima eta landaredia. Klima alde handiak daude Nepalgo toki batetik bestera. Taraiko zabaldian subtropikala da; uztailetik urrira montzoiaren eragina du eta ibaiek gainezka egin ohi dute sasoi horretan. 1.300-2.200 m bitartean berriz klima epela da, eta hotza, urte osoko elurrak dituena, goialdeetan. Bestalde, euri gehiago egin ohi du ekialdean (1.850 mm) mendebalean (760-890 mm) baino. Nepalgo lurraldearen heren bat gutxi gorabehera basoak hartzen du. Behealdean baso tropikalak daude. 1.200 m inguruetan hosto erorkorreko eta iraunkorreko zuhaiztiak daude (haritza, astigarra, magnolioa). 3.000-3.650 m bitartean pinudiak, eta handik gora, Himalaiako mendietan, goi aldeetara egokitutako landareak, errododendroa eta ipurua batez ere.  v  Biztanleak eta gizartea. Nepalgo biztanleak bi talde nagusitakoak dira jatorriz: mongoliarrak edota indoariarrak. Mongoliarrak Tibetetik etorri ziren eta indoariarrak, geroago, Indiaren iparraldetik. Hegoaldean, Terai izeneko eskualde zingiratsuan, tharuak bizi dira, indoariar jatorrikoak. Newarrak, aldiz, Katmandu ibarrean bizi dira nagusiki. Himalaia mendikatearen hegoaldeko magalean, mongoliar jatorriko (newarrak ere hala dira) beste hainbat etnia bizi dira: magarrak, gurungak, tamangak… Herrialdearen iparraldean, alde menditsuenean eta jende gutxiena bizi den eskualdean, bothiak eta sherpak bizi dira, azkeneko horiek oso ezagunak eskalatzaileen espedizioetan gidari eta zamaketari lanak egiten dituztelako. Hainbeste etnia desberdin izanik, hizkuntza eta dialekto asko erabiltzen dira Nepalen, baina nepalera da beren artean ulertzeko erabiltzen duten hizkuntza ofiziala. Hizkuntza indoeuroparra da nepalera, hindiaren familia berekoa. Erlijioz, gehienak hinduistak dira (estatuko erlijio ofiziala da hinduismoa), baina badira budistak eta musulmanak ere.  v  6 eta 10 urteko haur guztiek joan behar dute eskolara, nahitaez. Nepalgo goi irakaskuntzako ikastetxe nagusia Katmanduko Tribhuvan Unibertsitatea da. Hala ere, 15 urtez goitiko nepaldarren % 27k baizik ez dakite irakurtzen eta idazten. Adin egiturari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 41 dira, 15-64 urte bitartekoak % 55, eta 65 urtez gorakoak % 4 besterik ez. 58 urteko bizi itxaropena dute nepaldarrek, hala emakumezkoek nola gizonezkoek. Emankortasun indizea 4,78 haurrekoa da emakumeko. Bhutandik ihes egindako 91.000 iheslari inguru (jatorriz nepaldarrak) bizi dira Nepalen babesturik, eta horietatik gehienek NBEk antolatutako iheslarientzako esparru berezietan dute bizitokia.  v  Gobernua eta administrazioa. Monarkia parlamentarioa dute Nepalen 1991ko maiatzaren 12az gero. Erregea da estatuburua, eta herentziaz transmititzen da erregetza. Birendra Bir Bikram da gaur egun Nepalgo errege. Gobernuaren burua Lehen Ministroa da. Legegintza ahalmena bi ganberaren gain datza. Alde batetik, Legebiltzarra edo Ordezkarien Etxea dago, 205 ordezkariz osatua. 18 urtez gorako guztiek dute legebiltzarkideak aukeratzeko eskubidea, bost urteko legealdirako. Goi ganberari Kontseilu Nazionala deritzaio, eta 60 kidek osatzen dute. Horietatik 35 kide Ordezkarien Etxeak izendatzen ditu, 10 erregeak eta 15 hautesleek. Kontseilukideen heren bat bi urtetik behin aukeratzen da, sei urteko legealdirako. Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ondoren, gehiengoa duen alderdiko edo koalizioko burua aukeratu ohi du erregeak Lehen Ministro izateko. Erregeak izendatzen ditu gobernuko ministroak Lehen Ministroaren gomendioz.  v  Ondorengo hauek dira Nepalgo alderdi politiko nagusiak: Nepalgo Alderdi Komunista/Marxista-Leninista Batuak edo CPN/UML; Kongresurako Alderdi Nepaldarra edo NCP; Alderdi Demokratiko Nazionala edo NDP; Nepalgo Sadbhavana (“borondate on”) Alderdia; Nepalgo Langileen eta Nekazarien Alderdia edo NWPP.  v  Ekonomia. Nepalek ekonomia atzeratua du. Oinarrizko lehen gaien eskasiak eta, batez ere, garraio azpiegituraren erabateko urritasunak eragozten dute ekonomiaren hazkundea. Nepalgo biztanle bakoitzeko BPG munduko apalenetako bat da. Hori dela-eta, nepaldarren erdiak, gutxi gorabehera, nahiko lanak dituzte bizitzeko behar den gutxienekoa eskuratzeko. Bestalde, Nepalek diru laguntza handia jasotzen du nazioarteko funtsetatik.  v  Nepalgo ekonomia nekazaritzan oinarritzen da. Biztanleria aktiboaren % 81 nekazaritzaren inguruko jardueretan enplegatzen da, eta BPGren % 41 lehen sektoreari dagokio. Lantzen diren gai nagusiak –Terai eskualdean, batez ere–, arroza, artoa, garia, patatak, azukre kanabera eta iutea dira; bestalde, munduko lehen sendabelar ekoizlea da Nepal. Abere hazkuntzan, behiak, bufaloak, ardiak eta ahuntzak aipatu behar dira. Nepalen beste aberastasun iturri nagusietako bat basoaren ustiapena da.  v  Mea baliabideak, aldiz, urriak dira eta behar bezala ustiatu gabe daude. Badira burdina, kobre, kobalto, lignito eta mika hobi txikiak, baina mika eta lignito apur bat baizik ez da ustiatzen. Industriak ez du garrantzi handirik eta, gehienbat, nekazaritzako produktuen langintza eta eraikuntzari lotua dago: azukre findegiak, tabakoa, zeramika, iutea, porlana eta adreiluak. Ehungintzak eta alfonbragintzak dezenteko hazkundea izan dute azkenaldian, eta, azken urteotan, Nepalen esportazioko izar bilakatu dira jarduera hauetan ekoiztutako produktuak, alfonbrak batez ere.  v  Nepalek aukera ezin hobeak ditu sare hidroelektriko indartsu bat eratzeko (mendiak eta ura nahi adina ditu), baina, azpiegitura faltaren erruz, ez dio baliabide horri probetxurik ateratzen. Nolanahi ere, gobernua ahaleginak egiten ari da atzerriko inbertsioak energia hidroelektrikoaren arlora erakartzeko, eta badirudi gauzak zerbait mugitzen hasi direla. Turismoa da, Katmanduko ibarrean batez ere, inbertsioak erakartzen ari den beste sektore bat, geroz eta indar handiagoa hartzen ari dena. Merkataritza balantza, jakina, oso defizitarioa da. Nepalek esportatzen dituen salgaien artean, aipatzekoak dira alfonbrak, jantziak, larruzko gauzakiak eta iutez eginikoak. Inportazio produktu nagusiak, berriz, petrolioaren deribatuak, produktu kimikoak, ongarriak eta makineria dira. Merkataritza harreman nagusiak Indiarekin dituen arren (% 80, gutxi gorabehera) baditu tratuak Estatu Batuekin, Alemaniarekin, Erresuma Batuarekin, Singapurrekin eta Japoniarekin ere. Garraiobideei dagokienez, asfaltaturiko errepideak 3.196 km baizik ez ditu, eta 101 km-ko burdinbidea. Hori dela-eta, herrialde barneko garraio asko zamaketarien bidez (pertsonak edo animaliak) egiten dira oraindik. Aireportuak, aldiz, 45 ditu, baina 5 besterik ez asfaltatuak.  v  1991n hasitako liberalizazio ekonomikoak nahiko lanak ditu erresumako ekonomia egoera zuzentzeko, inflazio gogorra bizi baitu eta ez baitu lortzen atzerritik behar hainbat inbertsio erakartzerik. BPGren hazkundea guztiz ahula da eta, gaur-gaurkoz, herrialdearen garapena nazioarteko laguntzaren mende dago. v  Historia. Nepalgo historian, tradizioz, lehia handia izan da erregearen eta Lehen Ministroaren artean, azken postu hau, izan ere, herentziaz transmititzen baitzen, 1846. urteaz geroztik, Rana familiaren barruan. Hala, ez zen harritzekoa izaten Lehen Ministroak erregeak baino aginpide handiagoa izatea. Horrelako zerbait gertatu zen 1947an, aldameneko Indiak independentzia eskuratu zuenean, eta Nepalgo erregeak, Tribhuvana Bir Bikram-ek, New Delhira ihes egin behar izan zuen, 1950eko azaroan. Handik, ordea, estatu kolpe bat antolatu zuen, Indiaren laguntzarekin, eta Ranatarrak aginpidetik bota ondoren, monarkia konstituzionala ezarri zuen, 1951ko otsailean. 1955ean, Tribhuvana hil ondoren, haren semea, Mahendra, eseri zen Nepalgo errege aulkian, eta honek, 1959an, legebiltzarrean oinarritutako beste konstituzio bat aldarrikatu zuen. Nolanahi ere, benazko erregimen parlamentario bat ezin zuela aurrera eraman ikusirik, beste estatu kolpe bat jo eta konstituzio berri bat ezarri zuen 1962an, alderdi politikorik gabea eta panchayat edo herrietako batzordeetan oinarritzen zena. Konstituzio haren arabera erregeak zuen aginpide eragilea, legeak debekatzeko edo indarrean jartzeko ahalmena, eta berak izendatzen zituen Rashtriya Panchayat edo legebiltzarraren ardura zuen Lehen Ministroa eta ministro batzorde aholku emailea. Panchayat nazionaleko 140 kideetatik 112 herrietako batzordeek hautatzen zituzten eta gainerakoak erregeak berak izendatutakoak ziren. Modernizazio ahaleginak egin ziren arren (nekazaritza erreforma, garapen plana, kasta sistema deuseztatzea), ez ziren nahikoa izan. Gainera, erregimenaren autoritarismoak, batez ere, eta oposizioko Kongresurako Alderdi Nepaldarraren eraginak, egonezin handia sortzen zuten nepaldarren artean (1979ko maiatzean matxinada bat izan zen Katmandun). Horrela bada, Birendra Bir Bikram erregeak (1972an hil zen Mahendra Bir Bikram, eta haren semea da, geroztik, Nepalgo errege) demokratizazio prozesu bati ekin zion 1980an. Preso politikoei amnistia eman zien eta erreferendum bat antolatu zuen, nepaldarrei eskatzen ziena aukera egin zezatela indarrean zegoen erregimenaren eta sistema alderdi anitzeko baten artean. Botoen % 55ekin irabazi zuen indarrean zegoen erregimenaren aldeko aukerak. Urte bereko abenduan, konstituzioaren erreforma bat aldarrikatu zuen erregeak, demokratizazio zuhur bati ekiten ziona, nahiz eta ez zituen alderdi politikoak legeztatu. 1981eko maiatzean hauteskundeak egin ziren, sufragio unibertsalez, panchayat nazionaleko 140 kideetatik 112 aukeratzeko (gainerako 28ak erregearen izendapenekoak ziren), eta handik aterako zen Lehen Ministroa ere, handik aurrera gobernuaz arduratuko zena. 1986ko maiatzeko hauteskundeetan, diputatu berri asko egin ziren panchayateko kide, eta dezente ziren sistema politikoa irekitzearen eta ekonomia erreformen aldekoak. Erregimenak, hala ere, sendo zirauen, eta oposizioa gogortu egin zen. Baina erregeak, azkenean, amore eman behar izan zuen herritarren eskaeren aurrean eta sistema alderdi anitzekoa onartu zuen. 1990eko azaroan konstituzio berria onartu zuen eta, geroztik, monarkia konstituzionala da Nepalgo erresuma. 1991ko maiatzeko hauteskundeak Kongresurako Alderdi Nepaldarrak irabazi zituen, 99 diputaturekin, baina Alderdi Marxixta-Leninista Batuak ere 68 diputatu atera zituen, eta herrialdeko bigarren indar politiko gisa sendotu zen. Gobernu berriak, hala ere, Girija Prasad Koirala Lehen Ministro zuela, ez zuen lortu bere erreforma programa gauzatzerik. Hala, G. P. Koiralak dimititu ondorengo hauteskundeak –1994ko uztailean– komunistek irabazi zituzten, oso alde txikiaz izan bazen ere, eta Man Mohan Adhikari izan zen Lehen Ministro berria. 1995etik aurrera, kaos politiko handia egon da Nepalen. Koalizioko gobernu asko etorri dira bata bestearen atzetik, krisialdi txikienak botatzen baitzituen agintetik. 1998ko apirilean Kongresurako Alderdiak lortu zuen berriro agintea. Lehen Ministroa, G.P. Koirala, koalizio gobernu bateko buru izan zen, diputatu komunista batzuen laguntzarekin. Baina 1999ko maiatzeko hauteskundeak Kongresurako Alderdiak irabazi zituen berriro, legebiltzarra osatzen duten 201 diputatuetatik 110 lortu ondoren. Ordukoan, ordea, Koiralaren ordez, alderdiko beste buruzagi bat, K.P. Bhattarai, hautatu zuten Lehen Ministro. 1996an Nepalgo Alderdi Komunistak matxinada armatua hasi zuen ordu arteko erregimenaren ordez joera maoistako estatu gobernua ezartzeko helburuarekin; horrela hasi zen 2006. urtea arte iraun zuen gerra zibila. 2001. urtean Gyanendra iritsi zen tronura, Birendra erregea eta Dipendra printzea hil ondoren. Errege berriak gobernua desegin eta bere gain hartu zuen botere betearazlea, maoisten kontra jarduteko. Erabaki horren ondorioz, parlamentuko alderdiek, matxino maoisten laguntzarekin, altxamendua antolatu zuten; erregeak, presio horren guztiaren ondorioz, alderdiekin batera Lehen Ministroa hautatu eta parlamentua berriro ere martxan jarri zuen, hauteskunde berriak egin bitartean. Gobernu berriak eta errebelde maoistek su-etena izenpetu zuten eta, haien arteko negoziazioei esker Biltzar Konstituziogile berria antolatu zenean, Nepalgo Errepublika Federal Demokratikoa ezarri zen. Biltzarra hautatzeko hauteskundeak 2008ko apirilean izan ziren eta Nepalgo Alderdi Komunista (maoista) irten zen garaile.
http://www.nepalgov.gov.np/