neopreno
iz. Kim. Latexa bezala egoera solidoan edo bits malgu gisa ageri den kautxu sintetikoa. Bere formula (CH3ClC=CHCH3)n da, eta kloroprenoaren polimerizazioz lortzen da. Asmatu zen kautxuaren tankerako lehen gai sintetikoa da. 1931. urteaz geroztik ezagutzen da. Sufrea erabili ordez metalen oxidoak erabiltzen dira bulkanizatzeko. Mekanikan oso erabilia da nahiko gogorra eta hauskaitza baita, eta oxigenoak eta olioak ez dutelako aldarazten. Sukoia da, baina ez kautxu naturala bezainbeste. Ez da erabiltzen pneumatikoetan, baina bai beste gauza askotarako: zementu eranskorretan, suzirien erregaiei nahasita, kable elektrikoak estaltzeko, kautxu mekanikozko tresnak egiteko, olioa eraman behar duten hodiak barrutik estaltzeko, alfonbrak egiteko etab.