neoerrealismo
iz. Bigarren Mundu Gerraren ondoren bereziki loratu zen Italiako kultura joera edo higikundea. Era errealistan jasoriko gerra eta gerraondoko gertaerak eta garai hartako gizarte egoera dira neoerrealismoaren gaiak. 1930 inguruan sortua zen higikunde honen emaitzarik ezagunenak literaturaren eta zinemaren alorrekoak dira, nahiz eta kulturaren beste zenbait alorretara ere zabaldu zen (pintura, arkitektura). v Literatura. Neoerrealismoa faxismoaren garaian sortu zen eta, Italia ofizialean nagusi zen formalismoaren aurka, edukiaren garrantzia azpimarratzen zuen. Autore neoerrealistak agintearen guneetatik aldarrikaturiko optimismoaren aurka, desoreka larriek jotako herriaren errealitatea deskribatzen saiatzen ziren. Lehen garai honetakoak dira, besteak beste: A. Moravia (1929, Gli indiferenti), I. Silone (1930, Fontamara), C. Bernari, V. Brancati. 1940-50 urteetan, alabaina, hartu zuen neoerrealismoak benetako garrantzia. Gerrak eraginiko suntsipenak, erresistentzia eta gerraondo zaileko gertaerak islatzea izan zen garai horretako kontalarien helburua; literaturak gertakarion kronika soila behar zuen izan, neoerrealisten iritzian, eta forma ahalik eta gutxien landu behar zen, errealitatea ez desitxuratzearren. Eleberrigileak bere garaiko gizartearen hainbat alderdi jasotzen saiatu ziren, nork bere ikuspegitik: V. Pratolini (Florentziako gizartea); A. Moravia (burgesiaren bizimoldea); I. Calvino, E. Vittorini, C. Cassola (erresistentziaren esperientzia); M. Rigoni Stern, P. Levi (gerra eta kartzela). Beste prosa idazle askok ere beren lekukotasuna ematen dute hala nola C. Malaparte, C. Pavese, C. Levi… Neoerrealismoak poesiaren alorrera ere hedatu zen (C. Pavese, S. Quasimodo) baina ez zuen kontakizunetan beste garrantzirik hartu. v Zinema. Literatura higikundearen batera, 1945etik aurrera izen bereko joera garatu zen zinemaren alorrean. Filmotan lekukotasunaren alderdia azpimarratzen da eta zinema dokumentalaren antzeko objektibitatea dute ezaugarri formala; horrenbestez, gertaleku naturalak eta aktore ez profesionalak hobesten dira. Kontatzen diren istorioek gizarte maila apaleko protagonistak dituzte eta film tradizionaletan lortu nahi ohi den errealitatearen edertzetik urruntzen dira. Roberto Rossellini-k egin zituen eskola honetako bi obra nagusiak: Erroma, hiri irekia (1945, Roma, città aperta), nazien aurkako borroka eta zapalkuntza azaltzen duena, eta Paisà (1946), gerrako sei pasarte kontatzen dituena. Bestalde, langileriaren eguneroko bizitza islatzen duten Vittorio de Sica-ren Zapata garbitzailea (1946, Sciuscià) eta Bizikleta lapurrak (1948, Ladri di biciclette) neoerrealismoaren obra handietarikoak dira. Orobat Luchino Visconti-ren Lurra ikaran (1948, La terra trema), Siziliako arrantzaleen esplotazioaz diharduen filma, nabarmentzekoa da. Neoerrealismoak ez zuen berariaz bere ikuslegotzat hartzen zituen herritar xeheak erakartzerik lortu, baina eragin handia izan zuen Italiaz kanpoko kritikarien eta zinemagileen artean.