Nenni, Pietro
Italiar politikaria eta kazetaria (Faenza, 1891 - Erroma, 1980). Laborari familia batean sortu zen eta oso gazte zela sozialismoak erakarri zuen. Avanti alderdi sozialistaren egunkariaren zuzendaria izan zen 1926 arte. Urte hartan Mussolini-k egunkaria debekatu zuen eta Nenni-k Frantziara erbesteratu behar izan zuen. Espainiako Gerra Zibilean esku hartu zuen Nazioarteko Brigadetan. 1942an Vichy-n atxilotu zuten eta Italian preso eduki zuten 1943 arte. Ondorengo urtean bere alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten bigarrenez. Lehen Ministrorde (1945-1946) eta Kanpo Arazoetarako ministroa (1946-1947) izan zen. Alderdiaren ezkerreko hegaleko buru izanik, komunistekin lankidetzan jardutearen aldekoa izan zen harik eta 1956an sobietarren gudarostea Hungarian sartu zen arte. Harrezkero demokrata kristauekin batera gobernatzearen alde azaldu zen. 1968-1969an Kanpo Arazoetarako ministroa izan zen, eta Lehen Ministrorde Aldo Moro-ren gobernuetan (1963-1969). Alderdiaren gidaritza utzirik (1969), bizi guztirako senadore izendatu zuten 1970ean; 1979an Senatuko lehendakari hautatu zuten.