Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Napoliko Erresuma

Italia hegoaldeko eta Siziliako erreinua izandakoa.  v  1130. urtean Roger II.ak normandiarrek Italia hegoaldean konkistatuak zituzten lurraldeak bateratu eta bere burua Sizilia eta Apuliako errege izendatu zuen. Aita Santuak eta Germaniako enperadoreek berentzat eskatu zuten erresuma berri horren gaineko aginpidea. Azkenean Germaniako Inperioaren mende geratu zen lurraldea. Hohenstaufen-darren dinastia 1266an desagertu zelarik, Karlos Anjoukoak, Frantziako Luis IX.aren anaiak, hartu zuen lurraldea Aita Santuaren laguntzarekin. 1282an Siziliako nobleak anjoutarren aginpidearen kontra matxinatu ziren (Siziliako bezperak), eta Petri III.a Aragoikoari eskaini zioten koroa. Anjoutarren dinastiak, aita santuen laguntzari esker, ez zituen galdu Italiako penintsula barruan zituen lurraldeak, eta Napoliko Erresumak ekonomia gorakada handia izan zuen XIV. mende erdia arte; mende horren erditik aurrera ordea, eta hurrengo mendearen hasieran, erresumaren ekonomiaren gainbehera hasi zen eta erregetzarako liskar ugari izan ziren. 1442an Alfontso V.a Aragoikoak Napoli konkistatu eta Bi Sizilietako errege izendatu zuen bere burua. Aragoiko dinastiak nobleek, anjoutarrek lagunduta, egin zituzten bi matxinadari eutsi behar izan zien (1459 eta 1484-1486). 1494an Karlos VIII.a Frantziakoak erresuma inbaditu zuen, baina Gonzalo Fernández de Córdobak Aragoiko dinastiari itzuli zion berriro Napoliko Erresuma, eta Julio II.a aita santuak Fernando Katolikoa Napoliko errege izendatu zuen. Fernando hil zenean, Espainiako habsburgotarren eskuetan geratu zen erresuma, eta 1559tik aurrera, burujabetasuna galdurik, erregeorde batek gobernatutako lurralde bihurtu zen. 1647an, Filipe IV.ak ezarri zituen zergen astuntasunak bultzaturik, Massaniellok matxinada bat antolatu zuen; zapalkuntza gogorrez baketu zuen Joan Josef Austriakoak, Filipe IV.aren sasiko semeak. Karlos II.a Habsburgokoa hil zenean, Napoliko Erresuma borboitarren dinastiaren esku gelditu zen, eta Espainiako koroaren mende zeuden gainerako lurralde guztiekin batera Filipe V.ari eman zitzaion; Austriako habsburgotarrek, ordea, ez zuten hori onartu, Napoli aita santuaren feudo lurraldea zenez, hari baitzegokion dinastia agortzen zenean erregea izendatzea, eta hala, 1707an inperioko gudarosteak sartu ziren Napoliko lurraldean. Espainiako erregetzarako gerraren ondoren, Utrecht-eko (1713) eta Rastadt-eko (1714) itunen bitartez, habsburgotarren aginpidea bermatu zen. Austriako habsburgotarren dinastiak iraun zuen bitartean gizarte maila apalen miseria areagotu egin zen, eta zergak are astunagoak jarri zituzten. 1734an Filipe V.aren gudarosteak borboitarrentzat konkistatu zuen Napoliko Erresuma, eta Vienako itunaren (1735) ondoren, haren seme Karlosen esku (gerora Espainiako Karlos III.a erregea izan zena) geratu zen. 1759an Karlosek Espainiako koroa hartu zuen, eta bere seme Fernando IV.ari utzi zion Napolikoa. 1805ean Napoleonek Fernando erregetzatik kendu zuen; hura Sizilian babestu zen. Napoliko Erresuma Josef Bonaparteri eman zitzaion lehendabizi, eta gero J. Murati. J. Murat 1815 arte izan zen Napoliko errege, urte horretan erregetzatik kendu eta fusilatu egin baitzuten. Erresuma borboitarren esku geratu zen, harik eta 1860an Garibaldik konkistatu eta aurrerantzerako Italiarekin bat eginik geratu zen arte.