Napoleon I.a
(Jaiotza izenez Napoleon Bonaparte). Frantses militar eta politikaria (Ajaccio, 1769 - Longwood, Santa Elena uhartean, 1821). Frantziako kontsul nagusia (1802-1804) eta enperadorea (1804-1815) izan zen. Iraultzaren garaian sortu ziren ideia asko, frantses erakundeetan gorpuzten eta Frantziaren eragina Europako beste lurraldeetara zabaltzen saiatu zen aginpidean egon zen bitartean. Autungo eta Parisko militar eskoletan egin zituen ikasketak, 1779tik 1784ra bitartean, eta teniente graduarekin bukatu zituen horiek. Jakobinoen eta Konbentzioaren aldeko sutsua zen, eta Robespierren lagun egin zen. Haren babesarekin bere karreran gora egiteko erraztasun guztiak izan zituen; Robespierre aginpidetik kendu zutenean ordea bera ere atxilotu zuten. Nolanahi ere, 1795ean Direktorioaren aurka matxinatu ziren erregezaleak zapaltzera bidali zuen Barrasek. Ondoren, aurrena Frantzia barruko gudarostearen komandante buru eta 1796an Italiako gudarostearen jeneral buru egin zuten. Gerrarako zituen dohainak austriarren eta piemontetarren aurka Italian egin zuen guduan erakutsi zituen, batez ere. Han izan zuen arrakastak eta ezagutzen zizkioten jakobinoen alderako zaletasunak kezka handia sortu zuen Direktorioan agintari zeudenen artean. Horregatik, Frantziatik urruntzeko eta harekin fidatzen zirela erakusteko, Egiptora bidali zuten gerra egitera. Handik itzuli ondoren (1799ko azaroaren 9an), oposizioko indarrek beren artean zerabiltzaten borrokaz baliatuz, Direktorioaren kontrako estatu kolpe bat antolatu zuen Sieyès, Talleyrand, Fouché, Murat eta bere anaia Lucienekin. Estatuari Kontsulatu egitura eman zion eta gobernuaren buru jarri zen Cambacérès eta Lebrun lagun zituela. Frantziako talde gehienek harrera ona egin zioten gobernu berriari. Gobernua orduan iraultzarekin piztu ziren higikundeak alde batera utzi eta estatuko erakundeak jabetzadunen eskakizunen arabera antolatu zituen. Konstituzio berri bat egin zuen (iraultzaren garaiko egutegiaren arabera; VIII. urteko Konstituzioa), hautesleei eta legebiltzarrari zituzten eskubideak asko mugatzen zizkiena, eta ahalmen betearazlea Kontsul nagusiaren, (Napoleonen beraren), esku jartzen zuena; finantzako, justiziako (legedi zibila edo Napoleonen legedia egin zuen) eta administrazioko egiturak goitik behera berritu, lizeoak eta Frantziako Banketxea sortu zituen, eta Vatikanoarekin Konkordatua sinatu zuen (1802). Bitartean Frantziaren eragina kanpora zabaltzen hasi zen, Austriari eraso zion 1800eko maiatzaren 21ean eta Ingalaterrak bakea sinatu behar izan zuen 1802ko martxoan (Amienseko bakea). Austriarren aurkako gerra bitarte horretan atentatu bat egin zioten erregearen aldekoek, eta hark herriaren baitan piztu zuen zirrara aprobetxatuz jakobinoen buru nagusiak erbesteratu zituen batetik eta erregearen aldekoak ingurutik urrundu bestetik. 1804ko maiatzaren 18an senatuan eraginik handiena zutenek, senadoreen iritziak nahi bezala erabiliz, Napoleon enperadore izendatu zuten aho batez. Italiako Errepublika erregetza bihurtu zuen eta bere burua hango errege egin zuen (1805). Orduko Frantzia barneko oposizio guztia deseginda edo bere alde jarria zuenez, urte horretatik aurrerako denbora gehiena Europa konkistatu nahiz han eta hemen gerran eman zuen. 1805eko urriaren 20an austriarrei nagusitu zitzaien Ulmen, Alemanian, Ulmen konkistak Vienako ateak zabalik utziko zizkiola ikusirik, eta bitartean Nelson ingeles almirantea espainiarren eta frantziarren itsas armadei garaitzen zitzaien arren (Trafalgarko gatazka), 1805eko abenduaren 2an Austerlitzen austriarrak eta errusiarrak menderatu zituen. Prusiak abenduaren 15ean Vienako hitzarmena sinatu zuen, eta Austriako enperadore Frantzisko II.ak abenduaren 26an Presburgokoa. Horrekin Ingalaterraren, Errusiaren eta Austriaren artean zuten aliantza hautsia geratu zen. Garaipen horien ondorioz, Bavaria, Baden, Württemberg, Hesse-Darmstadt eta beste zenbait estatu bere babesean hartu eta Rhingo Konfederazioa sortu zuen 1806ko uztailean. Abuztuaren 6an, Frantzisko Josefek uko egin zion Alemaniako enperadore izateari. Urte horretako otsailean Josef Bonaparte Napoliko errege egin zuen eta ekainean Luis Bonaparte Holandako errege. Prusiak Frantziari berriro gerra deklaratu ziola eta, Frantziako gudarosteek hari aurre egin eta 1806ko urriaren 14an menderatu zuten Jena-n, eta 26an Berlin hartu zuten. Ingalaterra eta Errusia bakarrik geratzen zitzaizkion Napoleoni Europako lurralde nagusiak bere mende hartzeko. Ingalaterrari blokeoa egiteko agindu zien bere esku zeuden lurraldeei, eta Errusiaren kontrako gerra prestatzen hasi zen. 1807ko uztailaren 7an Errusiako tsar Alexandro Tilsit-eko hitzarmena sinatzera behartu zuen, Eylau eta Friedland-eko guduetan menderatu ondoren. Urte horretako urrian, Frantziak eta Espainiak Portugal hartzea erabaki zuten hura ere Ingalaterrari blokeoa egitera behartzearren. Ondoren Karlos IV.a eta haren seme Fernando VII.a Espainiako erregetzari uko egitera behartu zituen eta Josef Bonaparte egin zuen Espainiako errege, haren ordez Napolin Murat jarrita. Beste herrialdeetan bezala Espainian ere ez zuen bake denborarik izan, herri guztia matxinatu baitzen gerrilla erako taldeetan antolaturik. Garrantzi handiko guduak galdu zituzten frantziarrek (Bailen, Sitra) eta azkenean Napoleonek berak sartu behar izan zuen egoera zuzentzera. 1809ko apirilean Austria matxinatu zen. Frantzisko II.ak eta Napoleonek Vienako hitzarmena sinatu zuten, austriarrak Aspern-en eta Wagram-en garaituak izan ondoren. 1796an Josefinarekin ezkondu bazen ere harekiko lotura hautsi eta 1810ean Frantzisko II.aren alaba Maria Luisarekin ezkondu zen Napoleon. Ondorengo bi urteak nahiko bakean igaro ziren eta bitarte horretan Holanda Frantziako departamendu bihurtu zen eta Suedia ere alde jarrarazi zuen. 1812an Alexandro I.arekin zuen hitzarmena hautsi eta Errusia konkistatzera abiatu zen; Moskuraino iritsi ere egin zen baina gudua galtzeaz, gainera ikaragarrizko kalteak izan zituen. Haren ondoren Prusiak eta Errusiak bat egin zuten, Austriak ere berriz laguntza ukatu zion, eta hartan (1813, Leipzig) izan zuen Napoleonek bigarren porrot handia. Beste garaipen batzuk izan zituen oraindik guztia galdu baino lehen, baina aliatuak nagusituz joan zitzaizkion eta 1814ko apirilean Parisen sartu eta Luis XVIII.a aginpidea uztera behartu zuten. Elba uhartean atxilotua egon zen gero ia urtebete. 1815eko martxoaren 15ean kartzelatik ihes egin eta Frantziara joan zen. Berriz ere agintea hartu zuen (Ehun Eguneko agintaldia). Ekainaren 18an ingelesek eta prusiarrek menderatu zuten Waterloon, eta Santa Elena uhartean eman zituen handik hil arteko egunak.