Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nantes

(Bretoieraz, Naoned). Frantziako ipar-mendebaleko hiria, Loire eskualdeko eta Loire-Atlantique departamenduko hiriburua; 252.029 biztanle (1990). Loire ibaiaren bokalean, itsasotik 52 km-ra dago. Garrantzi handiko burdinbidegune eta errepidegune, aireportua, gotzain egoitza eta unibertsitatea. Frantziako handienetakoa da Nantes eta Saint-Nazairek Loireko bokalean osatzen duten portua. Administrazio autonomoko portua da. Hidrokarburoak, petrolio findugabea eta findua, sufrea, porlana, banana, azukrea eta lantzeko zura sartzen dira, batez ere. Portuko merkataritzarekin oso lotua dago hango industria. Industrian, metalurgiak eta ontzigintzak dute garrantzirik handiena. Batez ere, trenetarako eta hegazkineratako piezak, ontzietarako eta nekazaritzarako makinak, etxe-barrurako elektrizitate tresnak eta diesel motorrak egiten dira, metalurgian; elikagai industrian, arrain-kontserbak eta azukre finketa egiten da.  v  Artea. Hirian dauden gauzarik ikusgarrienak dira, besteak beste, gotiko eta Errenazimentu garaiko gaztelua, Bretainiako Frantzisko II.ak XV. mendearen erdialdean egina, gaur herri artearen, apainketa artearen eta itsasoko museo bihurtua, San Petri eta San Pauloren katedrala, 1434-1893 bitartean egina eta berritua, Ama Sortzez Garbiaren eliza, XV. mendekoa, udaletxea, XVII. mendekoa.  v  Nantesko ediktua. 1598ko apirilaren 13an Henrike IV.ak, Frantziako erregeak, erlijio gerrak eteteko asmoz zabaldu zuen agindu multzoa. Ediktu horretan gainerako herritarrek zituzten eskubide berberak ezagutzen zitzaizkien higanotei, beren erlijioaren arabera jokatzeko askatasuna eta politika karguetarako hautatuak izateko edo epaile lanetan aritzeko eskubidea. Ehun bat hiri uzten zitzaizkien gainera, babeslekua izan zezaten. Ediktu hori indarrik gabe utzi zuen 1685ean Luis XIV.ak eta higanotek erlijio katolikoa onetsi edo atzerrira (200.000) joan behar izan zuten.