Münchinger, Karl
Alemaniar orkestra zuzendaria (Stuttgart, 1915 - 1990). Jaioterriko musika eskolan egin zituen ikasketak, eta orkestra zuzendaritza landu zuen Carl Leonhardt-ekin. Konposizioa ere ikasi zuen. Stuttgart-eko organista eta abesbatzako zuzendari izan zen 1937-1941 urteen bitartean. Gerra amaitu zenean Stuttgart-eko Ganbera Orkestra sortu zuen, eta lehenengo kontzertua 1945ean eman zuen; Bachen eredua eta barrokoko musikagileena hartu zuen. Parisen 1949an aurkeztu zen lehenengo aldiz eta arrakasta izugarria lortu zuen. 1951n, Brandeburgoko kontzertuak grabatu zituen eta ospetsu egin zuten mundu osoan. Bira ugari egin zituen Europan barrena. 1957. urteaz geroztik, errepertorioa musikagile klasikoetara zabaldu zuen (Haydn eta Mozart). 1966an orkestra berri bat sortu zuen, Stuttgart-eko Orkestra Filarmoniko Klasikoa; berrogeita bost lagunek osatzen zuten taldea, eta XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen hasierako musika landu zuen batez ere. Bestalde, munduko orkestra handienek gonbidatu zuten (Vienako Orkestra Filarmonikoa, Parisko Orkestra, Suitzako Orkestra). 1979an Colmar-eko jaialdia sortu zuen. 1987an, itsutasunak jota, Stuttgart-eko Ganbera Orkestraren zuzendaritza utzi zuen bost mila kontzertutik gora eman ondoren.