Munduko Merkataritza Erakundea (MME)
Munduko merkataritza askea sustatzeko helburua duen nazioarteko erakundea, 1993 urtean sortua, Tarifa eta Merkataritzaren gaineko Hitzarmen Orokorraren (GATT) Uruguaiko erronda bukatzean, amaierako aktan, haren ordez MME sortzea ezarri zenean. ■ Nazioarteko merkataritzan legeak betearazteko markoa ezartzen du MMEk. GATTen amaierako aktan jasotzen ziren merkataritza askerako 28 akordioak administratu eta kontrolatu, nazioarteko merkataritza jarduerak gainbegiratu eta herrialde kideek aurkezten dizkioten merkataritza auziak epaitzen ditu, besteak beste. Erakundea 1995. urteko urtarrilaren 1ean hasi zen lanean, 76 herrialde kideek osatzen zuten Kontseilu Orokorraren bidez. Formalki eratutako erakundea izanik, hartzen dituen erabakiak lotarazleak dira bere kideentzako (MMEren aurrekoa zen GATT-en erabakiak ez ziren halakoak). Nazio Batuen Erakundeari buruz independentea da. GATTek ezartzen zituen xedapenak zabaltzen ditu, eta produktuez gainera zerbitzuen, jabetza intelektualaren eta inbertsioen trukea ere arautzen ditu. Erakundearen Kontseilu Orokorra MMEren aurrean enbaxadore diren herrialde kideetako ordezkariez osaturik dago; ordezkari horiek, era berean, zenbait batzorde espezializatu eta subsidiarioren kide dira. Jarduera horiek denak elkartearen Konferentzia Ministerialak gainbegiratzen ditu. Konferentzia horrek bi urtero izaten du bilera, eta bertan MMEren zuzendari orokorra izendatzen da. Renato Ruggiero, italiar Merkataritza ministro ohia izendatu zuten 1995. urteko maiatzaren 1ean erakundearen lehen zuzendari orokor.
- Münchinger, Karl
- Mundaka
- mundu
- mundualdi
- Munduko Merkataritza Erakundea (MME)
- munduratu, mundura(tu), munduratzen
- munduratze
- mundutar
- mundutarkeria
- munduzale