mundu
iz. Diren gauza guztien multzoa; unibertsoa. ◊ Unibertso txiki baten osatzailetzat hartzen diren gauzen multzoa. || Lurra; Lurra, giza bizitzearen egoitzatzat hartua. || Lurrean bizi diren gizakien multzoa, gizartea, gizadia; gizakiak. ◊ Gizarteko bizitza, atseginen eta handikerien lekutzat hartua. || Nolabaiteko ezaugarriak dituen gizarte zatia. v Fil. Filosofia klasikoak “diren gauza ororen multzo” gisa definitu du mundua, baina filosofia eskolek munduari buruzko ikuspuntu desberdin asko eman dituzte. Joniarrentzat mundua ordena eta osotasuna zen. Estoizistek gauza errealen osotasunaz gainera, jainkozko izaera duten elementuak eta “errealitateen multzoa” azpimarratzen zituzten. Posidoniok berezko osotasuna eta gizonak sortutako gauza oro hartu zituen munduaren osagaitzat. Kristautasuna sortu zenean ordu arte “mundu” izan zena “mundu hau” bihurtu zen eta “beste mundua” agertu zen, Jainkoarena eta giza arimarena. Teo-logia (Jainkoarena), kosmo-logia (gizonarena) eta psiko-logia (arima beste munduko eta beste mundurako zeratzat duena, baina mundu honetan den errealitate gisa aztertzen duena) bereizi ziren. Kant-entzat mundua “gertakari ororen multzoa eta bere sintesiaren osotasuna” zen. Filosofia modernoan sujektua eta mundua elkartu dira errealismo-idealismo bereizketa gainditzeko. Aipatzekoa da platonistek eta neoklasistek eman zuten munduaren ikuspegia, teoria moderno askoren muina baita; teoria hark “ideien munduaren” eta “giza zentzuek antzematen dituzten gauzen munduaren” arteko bereizketa egiten zuen eta bi horien arteko zubi gisa “munduaren arima edo gune” zuen.