Mozambike
(Izen ofiziala, Mozambikeko Errepublika; Portugesez, República de Moçambique). Afrikako hego-ekialdeko estatua. 812.379 km2 eta 21.397.000 biztanle (2007, mozambiketarrak). Mugak: iparraldean, Tanzania; ekialdean, Mozambikeko ubidea, Indiako Ozeanoan; hegoaldean eta hego-mendebaldean, Hegoafrika eta Swazilandia; mendebaldean Zimbawe, Zambia eta Malawi. Hiriburua: Maputo. Hiri nagusiak: Tete, Beira, Nampula. Etniak: makuak %47,8; tsongak %23,3; malawiarrak %12; xonak %11,3; yaoak %3,8; swahiliak %0,8; makondeak %0,6; portugesak %0,2; besteak %0,7. Erlijioa: animistak %47,8; katolikoak %23,8; musulmanak %17,8; besteak %0,3. Hizkuntza ofiziala: portugesa. Dirua: metikal-a. v Orografia eta hidrografia. Zambezi ibaiak Mozambike ipar-mendebaletik hego-ekialdera igarotzen du, eta bi alde nagusi bereizten ditu lurraldean: iparraldeko lur garaiak eta hegoaldeko lur behereak. Zambezitik iparralderako lurraldean, itsasbazterra meharra da, erdialdea eta iparraldea goi-ordoki bat da, gehienez ere 600 m garai eta ibar sakonek hautsia dena, eta mendebala menditsua da (2.000 m inguruko mendiak). Zambezitik hegoalderako lurraldean, berriz, itsasbazterra oso zabala da, zelaia edo muinoduna eta hareatsua, eta lurraldearen ia zabalera osoa hartzen du hegoaldeko muturrean; mendebaleko muga inguruan, ordea, Gorongosa mendietan, Mozambikeko mendirik garaienak daude (Binga mendia, 2.436 m). Zambezi ibaiaz gainera, Mozambikeko beste ibai nagusiak, iparraldetik hegoaldera, Rovuma, Lurio, Ligonha, Save eta Linpopo dira. v Klima eta landaredia. Mozambikeko klima tropikala da, hego-ekialdeko haize hezearen eragina duena, eta urria-martxoa bitartean euri sasoia eta apirila-urria bitartean sasoi lehorra dituena. Tenperaturari dagokionez, lur beheretan 26-30 °C egiten ditu urtarrilean eta 15-20 °C uztailean; lur garaietan, berriz, 22-25 °C urtarrilean eta 11-15 °C uztailean. Askoz euri gehiago egiten du iparraldean hegoaldean baino. Landarediari dagokionez, lur garaietan, ipar-mendebalean batez ere, baso tropikala da nagusi; lur beheretan, berriz, sabana eta estepa tartekatzen dira; itsasaldean kokondoak eta mangle zuhaiztiak daude, Zambezi ibaiaren deltan batez ere. v Animaliak (zebra, bufaloa, errinozeroa, elefantea, jirafa, lehoia, hiena eta krokodiloa) babesguneetan bizi dira (Gorongosako Parke Nazionala, 5.672 km2). ■ Biztanleak. Mozambikeko biztanle gehienak bantu hizkuntzaz mintzatzen diren afrikarrak dira. Zambeze ibaitik iparraldera bizi diren etnien artean, aipatzekoak dira makuak eta yaoak, eta Zambezetik hegoaldera bizi direnen artean, tsongak eta xonak. Itsasaldean swahilia erabiltzen da eta hizkuntza ofiziala, portugesa, hirietan hitz egiten da batez ere. Portugaldar gehienek (250.000 inguru) alde egin zuten Mozambikek 1975ean burujabetasuna erdietsi zuenean. Hegoaldeko eta erdialdeko itsasaldean bizi da jende gehiena. Mozambikeko osasun egoera txarra da. Gaur egun HIESa da arazo gehien sortzen ari den gaixotasuna, biztanleen % 12 baitaude kutsatuta, estimazioen arabera; baina malaria, hepatitisa eta elikadura urritasuna ere kezkatzekoak dira. Jaiotza eta heriotza tasak oso handiak dira. Bizi itxaropena 40 urtekoa da, batez beste. ■ Ekonomia. Mozambike Afrikako herrialde pobreenetako bat da, eta biztanleriaren parte handi bat pobretasun mailatik behera bizi da. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Mozambikeko ekonomia independentziaren aldeko borroketatik osatzen ari zen oraindik. Osatze lan hori zaila izan zen oso, zenbait lehorte izan zirelako batetik, eta bestetik, gerra zibilak konpondu gabe jarraitzen zuelako. Lur sailak eta industriak, ordu arte atzerritarren esku, nazionalizatu egin ziren. Gerraren ondoren, ekonomia hazten hasi zen, gerrako errefuxiatuak itzuli eta erreforma ekonomikoek izandako arrakastari esker; 2000. urtean uholde hadiak zirela-eta mantsotu egin zen hazkundea, baina gorako bidean ari da, oro har. Inflazioa aldiz, igo eginda, 1990eko hamarraldiaren amaieran zutenetik. Hala eta guztiz ere, ekonomiak aurrera egiteko eragozpen handiak dira lehorteak eta uholdeak, tirabira politiko eta sozialak, ziurtasun eza eta ustelkeria. Zor publikoari dagokionez, Mozambike zor handienetakoa duen herrialdeetako bat da Afrikan, hala ere Parisko Clubak zorraren % 70 deuseztatzea erabaki zuen ■ Mozambikeko ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da. Mozambikeko lan indarraren % 75 nekazaritzan aritzen da lanean, baina herrialdearen % 12 besterik ezin da landu. Lur sail handietan kotoia, tea, azukre kanabera, kokoa, kakahuetea, mandioka eta akaiu intxaurrak lantzen dira esportatzeko. Bertarako lantzen dira, berriz, artoa, arroza, artatxikia eta basartoa. Nekazaritza lehorteen eta uholdeen mende dago, eta ez ditu biztanleen oinarrizko beharrak asetzen; hori dela eta, behar-beharrezkoa du Mozambikek atzerriko laguntza. ■ Historia. Portugaldarrak iritsi baino lehen bantu hizkuntzez mintzatzen ziren herriak bizi ziren lurraldean, arabiar, persiar, indiar eta txinatarrekin merkataritza harremanak izan zituztenak: burdina, urrea, kobrea, bolia, harri bitxiak eta esklaboak esportatzen ziren Mozambiketik. 1498an, Vasco da Gama portugaldar itsasgizona lehorreratu zen Mozambiken. Portugaldarrak Sofalan finkatu ziren, urrearen eta boliaren salerosketan aritzeko eta 1507rako lurralde osoa beretu zuten. 1752an Portugalen kolonia autonomo bihurtu zen lurraldea. XVIII. mendearen erdira arte esklaboen salerosketa izan zen ekonomiaren oinarri nagusia. Mende bukaeran portugaldarrak lurraldearen barnealdera hedatu ziren, eta 1917an gogor zapaldu zuten bertako biztanleen azken matxinada. 1951ean Mozambike Portugalen itsasoz haraindiko lurralde bihurtu zen. 1950Ean hasi ziren independentziaren aldeko higikundeak, FRELIMO alderdian bildu zirenak, eta 1964an Portugalen kontrako gerrilla antolatu zutenak. 1975ean lortu zuen Mozambikek burujabetasuna (Mozambikeko Herri Errepublika), eta independentziarekin batera, FRELIMO alderdi bakarraren gobernupean, marxismo-leninismoan oinarritutako politika bultzatu zuen, auzo herriek, Rhodesiak eta Hego Afrikak, arriskutsutzat hartu zutena. Mozambikek, bestalde, babesa eman zion Rodesiako gobernuaren aurkako gerrillari, eta Rodesiak gogor eraso zion Mozambikeri. Ondoren Hegoafrikak laguntza eman zion Mozambikeko gobernuaren aurka ari zen Mozanmbikeko Erresistentzia Nazionala (Renamo) gerrilla taldeari, Mozambikeri eraso eta ekonomia azpiegitura hondatu zionak (zubiak, errepideak, burdinbideak, petrolio hodiak). Horrek eta aldian behingo lehorteek eta uholdeek eragiten zituzten kalteek are gehiago hondatu zuten Mozambikeko ekonomia. 1990ko azaroan gobernuak marxismoa alde batera utzi eta Mozambikeko Errepublika deitura berria hartu zuen. Aginpide eragilea, legegintzarako aginpidea eta epai aginpidea bereizi zituen, eta alderdi politikoak onartu zituen. Gobernuaren eta Renamo taldearen (Mozambikeko Higikunde Nazionala) arteko bake elkarrizketak 1990. urtean hasi ziren, Mozambikeko konstituzio berria onartu ondoren, izan ere, konstituzio berri horrek alderdi politikoak onartzen baitzituen, eta horixe zen, alderdi bakar baten nagusitasunaren desagertzea alegia, talde armatuaren eskakizun nagusietako bat. 1991n Mozambikeko gobernuak eta Renamo taldeak aurre hitzarmen bat izenpetu zuten Erroman. Hitzarmen haren arabera, alderdi politikotzat hartzen zen Renamo. 1992an, azkenik, gerra zibilari amaiera emango zion bake hitzarmena izenpetu zen. Gerra haren ondorio izan ziren 900.000 inguru hildako eta milioi bat iheslaritik gora. 1992an NBEko bake gudaroste bat joan zen Mozambikera. 1993. urteko alderdi anitzeko hauteskundeak 1994ra atzeratu behar izan ziren. Chissanok irabazi zituen hauteskunde haiek, eta Renamo higikundeko buruzagi Alfonso Dhlakamak onartu egin zuen presidente berria. 1995ean gerratik ihesi alde egindako errefuxiatu gehienak (1.700.000 inguru) sorterrira itzulita zeuden, baita jatorrizko bizitokietara itzulita ere barne lekualdatuak, 4.000.000 inguru. 1998an, udal hauteskundeak egin ziren, baina RENAMOk boikota egin zien, botoemaileen erregistroan iruzurra izan zela eta. Hautagai independenteek aurrera egin zuten eta udal batzarretan agintea eskuratu zuten. Hauteskunde haietako egoera ikusita, gobernuak berrikuntzak egitea erabaki zuen, 1999 hauteskunde orokorretara begira, eta ordura arte baino hautesle gehiagok eman zuten botoa hauteskunde haietan. Chissano atera zen lehendakari. 2003an egin ziren hurrenego udal hauteskundeak; lehen aldi izan zen FRELIMO, RENAMO eta alderdi independenteak boikotik gabe lehian aritu zirena, baina hauteskundeen ondoren susmo txarrak sortu ziren hautagaien eta hautesleen erregistroei eta emaitzei buruz eta gardentasun handiagoa aldarrikatu zuten alderdiek. 2004ko lehendakaritza eta legebiltzarrerako hauteskundeetan FRELIMO alderdiko Armando Guebuza hautagaia izan zen irabazle. 2005ean hartu zuen kargua, baina oposizioak iruzur salaketa egin zuen eta nazioarteko behatzaileek sostengua eman zioten, gardentasun faltagatik.
http://www.mozambique.mz/