mozarabiar
iz. eta izlag. Hist. Espainia musulmandarren mende egon zen garaiko (VIII- XI. mendeak) espainiar kristaua, arabiera eta arabiarren ohiturak, baina ez erlijioa, beretu zituena. Mozarabiar taldeak musulman hiri handietan bizi ziren, Toledon, Kordoban eta Sevillan bereziki, eta hiri haietan gizatalde aberatsak osatu zituzten, beren agintariak eta legedi bisigodoa zituztenak. Orobat, beren elizbarruti, eliza eta monasterioak ere bazituzten, eta Biblia arabierara itzuli zuten. Mozarabiar estiloa erlijiozko artean baizik ez da ageri; mozarabiar arte lan aipagarrienak “Beato Apokalipsiak” izenekoak dira, Liebenako Beato fraideek egindako Apokalipisiaren komentarioen kopiak, apaingarri aberatsez hornituak, eta ondorengo ikonografia erromanikoan eragina izan zutenak. Mozarabiar arkitekturari dagokionez, arkitektura musulmanaren eragin nabarmena du; ferra arkua eta kupula erztuna ditu ezaugarri nagusiak. Islamaren mende bizi ziren mozarabiarrek mugak izan zituzten beren eraikuntzak egiteko, baina arabiarren mende ez zegoen Iberiar Penintsularen iparraldera jo zuten gero (IX-XI. mendeak), eta hara eraman zuten Kordobako musulmandar estiloa. San Miguel de La Escalada, Leondik gertu, Kordobako fraideek X. mendean fundatu zutena, da mozarabiar arkitekturako erakusgarri handiena.