Morin, Edgar
Frantses soziologoa eta filosofoa (Paris, 1921). Zuzenbidea, filosofia, historia eta zientzia politikoak ikasi zituen. Gerra garaian alderdi komunistako kide egin zen, 1951n, ordea, bota egin zuten alderditik. 1950ean Centre National de la Recherce Scientifique erakundean onartu zuten. 1959an Georges Friedmann eta Roland Barthes-ekin Masa Komunikazioen Ikerketa Zentroa eraiki zuen, eta Communication aldizkaria argitaratzen hasi zen. Ondoren, Arguments aldizkaria sortu zuen, 1957-1963 urteen bitartean argitaratu zuena. 1973an Ikerketa zentroko zuzendari izendatu zuten. Edgar Morinek komunikabideek zabaltzen duten masa kulturan errealitatearen eta irudizkoaren artean eratzen den harremana aztertu du (Garaiaren izpiritua, 1966). Esamesen fenomenoa azaltzen saiatu zen, eta horretarako antisemitismoan oinarritzen den informazio lausoa eta zehaztasunik gabea aztertu zuen. Orainaldiaren soziologiaren aldeko bihurtu zen (Kaliforniako egunkaria, 1970; Giza naturaren paradigma galdua, 1973). Hiru liburutan argitaratu zuen Metodoa lanaren bidez ikerketa eremu berri bat osatu zuen; sistemen konplexutasuna ezagututa, zientzien batasuna bilatzetik urrun, nahasmenduaren garrantzia nabarmendu zuen. Garrantzi handia eman zion ekosistema kotzeptuari. 1987an Europako kulturaren inguruko lana idatzi zuen: Europan pentsatu.