Morita, Akio
Japoniar enpresa gizona (Aichi, 1921). Japoniako enpresa gizon ospetsuenetako bat da. Osakako Unibertsitatean ikasi zuen. Gerra garaian enperadorearen ontzidian egon zen, eta 1946an Sony etxea sortu zuen, Ibuka Masarurekin. Finantza, marketing eta merkataritza lanen arduradun izan zen. Nazioartean izan zuen lehenengo arrakasta miniaturazko irrati transistorea izan zen, 1955ean. Moritak, ondoren, Sony Estatu Batuetan zabaltzeko oinarri sendo bat osatu zuen, eta Kalifornian hainbat lantegi jarri zituen. 1970ean Sony izan zen New Yorkeko burtsan kotizatzen zuen lehenengo enpresa japoniarra. 1971tik aurrera enpresako presidente izan zen, eta 1976tik aurrera zuzendari orokorra. Moritak erabaki zuen Sonyk gai berritzaileekin lan egin behar zuela, walkman-ak eta bideo zintak esate baterako. Garrantzizko lana egin zuen, bestalde, Japonia eta Estatu Batuen arteko merkataritza tirabirak baretzeko, bi herrialdeetako harreman ekonomikoetako taldean lan eginez. Garuneko eritasun baten ondorioz, Sonyren zuzendaritza utzi behar izan zuen (1994).