Mori, Shigefumi
Japoniar matematikaria (Nagoya, Japonia, 1951). Kioto-ko Unibertsitatean egin zituen lehenengo ikasketak, eta 1975ean jaso zuen titulua. Hantxe egin zituen doktorego ikasketak, Masayoshi Nagata-ren zuzendaritzapean. 1978an aurkeztu zuen bere tesia, The endomorphism rings of some abelian varieties (Aldaera abeliano batzuen endomorfismo eraztunak). 1980an, Nagoyako Unibertsitatean, matematikako irakasle izendatu zuten eta 1990ean katedra bat eskuratu zuen Kiotoko Unibertsitatean. 1977-1988 urteetan denboraldi luzeak egin zituen Estatu Batuetan, Harvard-en, Ikerketa Aurreratuetarako Institutuan, Columbiako Unibertsitatean eta Utah-ko Unibertsitatean. Morik geometria aljebraikoa landu du, aldaera aljebraikoak bereziki. Honela, Castelnuovo, Enriques, Severi, Zariski, eta Kodaira-ren lana jarraitu du. 1990eko Nazioarteko Kiotoko Kongresuan Fields domina eman zioten, geometria aljebraikoaren esparruan egindako lanari esker. 1978an Hartshorne-ren konjetura, lehenengo aldiz 1970an azaldu zena, frogatu zuen. Beste sari asko ere jaso ditu: Japoniako Matematikako Elkartearen Yanaga saria (1983), Chunichi Kultura saria (1984), Japoniako Matematikako Elkartearen saria (1988, Kawamatarekin batera), Inoue saria (1989), eta Aljebrako Cole saria, Ameriketako Elkarte Matematikoaren eskutik (1990).