Montesquieu
(Jaiotza izenez Charles-Louis de Secondat, Brčdeko eta Montesquieuko baroia). Frantses idazle eta filosofoa (La Brčde, Bordele, 1689 - Paris, 1755). Zuzenbide ikasketak egin zituen. 1728-1731 bitarteko urteetan bidaiak egin zituen Austria, Italia, Alemania, Holanda eta Ingalaterrara. 1735ean Parisen hartu zuen bizilekua. 1721ean Lettres persanes (Persiar gutunak) izeneko gutun bidezko eleberria argitaratu zuen. Liburu haren arrakastaren ondoren, Considérations sur les causes de la grandeur des romains et de leur décadence (1734, Erromatarren handitasunaren eta gainbeheraren zergatiei buruzko gogoetak) idatzi zuen. Baina, Montesquieuren obrarik garrantzitsuena L’esprit des lois (1748, Legeen izpiritua) izan zen. Mende hartako libururik garrantzitsuenetakoa izan zen, eta eragin handia izan zuen hurrengo mendeetan, liberalismo modernoaren ardatz nagusia izan baitzen. Liburu horretan, Montesquieuk herri askotako legeak aztertu eta alderatu zituen. Haren iritziz, herrien bizitza ez da legeen mende jarri behar, legeak sortu behar dira herrien neurrira. Montesquieuk sortu zuen, besteak beste, aginpide banaketaren ideia. Bestalde, Frantziako Entziklopediarako ere lan egin zuen. Harako idatzi zuen Essai sur le goűt (1757, Saiaera gustuaren gainean). Hil ondoren, argitaratu zioten Histoire véritable (1892) kontakizun filosofikoa.