Monterroso, Augusto
Guatemalar idazlea (Tegucigalpa, 1921). 1944. urtetik aurrera Mexikora joan zen bizitzera, arazo politikoengatik. Gazte-gaztetandik hasi zen politikan lanean. Guatemalako intelektualen kezkak kaleratzen zituen Acento aldizkaria sortu zuen kideetako bat izan zen. Augusto Monterroso 1959an hasi zen bere lanak argitaratzen, erbestealdian zela hain zuzen. Lan osoak (eta beste ipuin batzuk) izan zen lehenengo lana, jadanik Monterrosoren eleberrien ezaugarri orokorrak erakusten dituena: zehatza, erraza, eskuragarria. Garrantzizko beste lan batzuk hauek dira: La oveja negra y demás fábulas (1969, Ardi beltza eta beste fabula batzuk), Movimiento perpetuo (1972, Mugimendu etengabea) eta Lo demás es silencio (1978, Gainerakoa isiltasuna da). Baditu zenbait lan ezin sailka daitezkeenak, literatura gogoetaren alorraren hurbilekoak, sormenaz eta fantasiaz beteak: La letra e: fragmentos de un diario (1987, E letra: egunkari baten zatiak), Viaje al centro de la fábula (1981, Bidaia fabularen zentrora), La palabra mágica (1983, Hitz magikoa). 1996an Juan Rulfo saria irabazi zuen, eta Cuentos, fábulas y lo demás es silencio (Ipuinak, fabulak eta gainerako isiltasuna da) lanean fikziozko bere lanak bildu zituen. Bitartekari lanetan aritu zen Guatemalako gobernuaren eta gerrilla iraultzailearen artean. “Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí” (“Esnatu zenean, dinosaurioa hantxe zegoen oraindik”) ipuina, literaturako kontakizun laburrentzat hartzen da.