Montero, Rosa
Espainiar idazlea (Madril, 1951). Lanbidez kazetaria da, eta lanbide horretan lan egin du hainbat komunikabidetan, Antena 3 irratian eta El País egunkarian besteak beste. 1980an Kazetaritza Sari Nazionala irabazi zuen. Hainbat eleberri idatzi ditu, kritikarien eta irakurleen onespena izan dutenak; hauek dira nagusiak: Crónica del desamor (1980, Maitasun ezaren kronika), La función Delta (1981, Delta funtzioa), Te trataré como a una reina (1984, Erregina bazina bezala hartuko zaitut), Amado amo (1988, Nagusi maitea), Temblor (1990, Dardara), Bella y oscura (1993, Ederra eta iluna) eta La hija del caníbal (1997, Kanibalaren alaba). Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola saiakera, biografia eta kazetaritza artikuluak. Lan horien artean aipatzekoak dira: Cinco años de país (1982, Herrialdearen bost urte), La vida desnuda (1994, Bizitza biluzia), Entrevistas (1996, Elkarrizketak) eta Historia de mujeres (1997, Emakumeen historia). Horrez gainera, hainbat kontakizun labur idatzi ditu, Relatos urbanos (Hiri kontakizunak) liburuan bilduak. Haur eta gazte literatura ere landu du: El nido de los sueños (1991, Ametsen habia), Las barbaridades de Bárbara (1997, Barbararen barbaridadeak) eta El viaje fantástico de Bárbara (1997, Barbararen bidaia fantastikoa). 1997an Eleberriaren Udaberri saria irabazi zuen La hija del Caníbal (Kanibalaren alaba) lanagatik, gaztarotik heldutasunerako aldaketa nola gertatzen den aztertzen duena. 1998ko da Amantes y enemigos (Maitaleak eta etsaiak) kontakizunez osatutako lana, gizonen eta emakumeen arteko harremanen zailtasunak aztertzen dituena.