Mogel Elgezabal, Juan Jose
Gipuzkoar idazlea, Bizenta Antoniaren anaia eta Juan Antonioren iloba (Deba?, Plentzia?, 1781 - Markina-Xemein, 1849). Lehen eliz ikasketak osabarekin egin zituen eta gero Oñatiko unibertsitatean osatu zituen. 1811z gero, osaba bezala, Markina-Xemeingo erretorea izan zen, eta han egon zen hil arte. Bizkaiko Jaurerriko Diputatu Nagusia izan zen Lehen Karlistadan. Bizkaieraz idatzi zituen obra guztiak. 1816an, Baserritar nequezaleentzaco escolia argitaratu zuen, eta, handik hara, zenbait argitalpen berri izan zituen. Gregorio Arruek gipuzkerara itzuli zuen (1878); bertan dotrina erakusteko modu berezia ageri da. Mogelek Juan izeneko nekazari bat asmatu, eta, ia eleberri moduan, haren historia zintzo zuzena kontatu zuen, elkarrizketa bidez. Beste liburu batzuk: Egunoroco lan on ta erregubac meza santuba ondo enzuteco: confesino eta comuninoya biar dan leguez eguiteco prestaera eta zucenbidiac (1820); Mayatz-illeraco Berba-aldijac (1885). Juan Jose Mogelek jaso zuen osaba Juan Antoniok idatzitako Peru Abarcaren eskuizkribua, eta berak eman zion Aita Unzueta frantziskotarrari, Zarauzko komentuan gorde zezan.