Mill, John Stuart
Britainiar filosofoa eta ekonomialaria (Londres, 1806 - Avignon, 1873). Utilitarismoaren sortzaile izan ziren bere aita James Mill-ekin (1773-1836) eta Jeremy Bentham-ekin (1748-1832) egin zituen ikasketak. John Stuart Mill-en filosofia, bere emazte Harriet Taylor-en eraginez, utilitarismoaren sortzaileena baino gizatasun handiagokoa zen: sozialismotik hurbilago zegoen, emakumeen eskubideen alde egin zuen, eta erreforma politikoak eta sozialak bultzatu zituen (sindikatuak, nekazari koperatibak…). Logikan, indukzioaren prozesuari buruzko arauak eman zituen ezagutzera, eta enpirismoa ezagutza ororen iturburu zela aldeztu zuen. Haren obra aipagarrienak On Liberty (1859, Libertateaz), Principles of Political Economy (1848, Ekonomia politikaren hatsapenak), Utilitarism (1863, Utilitarismoa), eta Autobiography (1873, Autobiografia) dira. Mill-en eragina handia izan da ekonomia, politika eta filosofia modernoan.