mezkita
(Arab. masyid). iz. Arkit. Musulmanen biltokia eta otoitz etxea. Mezkita mota asko daude baina garrantzitsuena ostiraleko otoitza egiteko mezkita nagusia da, ostiraleko mezkita ere esaten zaiona. Lehenengo mezkita Medinan eraiki zen (K.o. 622. urtean), lau harresik inguratutako tarte zabal bat zuen eta Mahomaren bizilekua izan zen. Islamak izan duen hedadura dela eta, itxura eta neurri askotako mezkitak daude, batzuek eliza kristauen eragina izan dute, eta zein herrialdetan eraiki diren halako estiloa dute; nolanahi ere, mezkitak baditu ezaugarri komun batzuk: arkupez inguratutako zabalgune bat, garbiketarako iturri bat (mida) duena erdian, ondoan otoiztegia, islamdarrak elkarrekin otoitz egiteko biltzen diren gela zabal zutabeduna, eta otoiztegiaren barruan iman-aren edo otoitza gidatzen duenaren aulkia, eta mihrab izeneko hutsune bat, Meka aldera begira dagoena. Harresi batek inguratzen du eraikin osoa; alboan minar-a du, muezinak otoitzera dei egiteko dorre luzea. Mezkita txikiek minar bakarra dute, eta handiek minar bat baino gehiago. Mezkita ospetsuenak Jerusalemgo Omar, Konstantinoplako Santa Sofia eta Meka, Damasko eta Kordobakoak dira.