Metropolitan Opera House
Estatu Batuetako opera antzoki nagusia. New Yorkeko Antzoki Arteetarako Lincoln Zentroan dago. Urtean 26 astez luzatzen da opera denboraldia, eta emanaldiak telebistaz ere ikus daitezke. Aspaldidanik, udaberrian, konpainiak jira bat egiten zuen Estatu Batuetan zehar, baina 1986an, opera emanaldiak jendartera helarazteko bitartekorik egokiena telebista zela pentsaturik, tradizioa eten egin zen. ■ 1880. urtean aberats talde batek orduko Musikaren Akademia baino antzoki zabalago bat eraikitzea erabaki zuen, Broadway eta 39. kalearen artean. Metropolitan Opera House 1883ko urrian inauguratu zen; Gounod-en Fausto eskaini zen. Antzokiaren ospea mundu osora zabaldu zen berehala, eta urteen joanean opera kantari onenek (Enrico Caruso, Nellie Melba, Feodor Chaliapin, Kirsten Flagstad…) kantatu dute bertan. XX. mendean zehar, zuzendari kudeatzaile ospetsu batzuen ekimenak areagotu egin du antzokiaren ospea; aipagarrienak Giulio Gatti-Casazza eta Rudolf Bing dira. Azken honek operako izarrik handienak eraman zituen (Maria Callas, Grace Bumbry, Joan Sutherland, Luciano Pavarotti, Plácido Domingo), eta Herbert von Karajan, Claudio Abbado eta James Levine bezalako orkestra zuzendariak. 1996an New Metropolitan Opera House inauguratu zen Lincoln Zentroan.
- metrika
- metriko
- metro
- metronomo
- metropoli
- Metropolitan Opera House
- metropolitano
- metrorragia
- Metsu, Gabriel
- Metsys, Quentin
- Metternich, Klemens, printzea