meteko
(Gr. metoikos, “atzerritar”). iz. Antzinako Grezian, Atenasen bizi arren hiritar eskubiderik ez zuen atzerritarra. Metekoek Atenasko hiritarrak baino giza maila apalagoa zuten. Hirian bizitzeko eta zeinahi jarduera edo lanetan aritzeko eskubidea zuten, eta hiritarren eginbide berberak bete behar zituzten: zergak ordaindu eta gerra garaian etsaien aurka gudukatu. Hala ere hiritarrek ordaindu beharrik ez zuten metoikion izeneko zerga berezi bat ordaindu behar izaten zuten. Auzitegiaren babesa zuten, baina auzitara joateko hiritar baten (prostatès) bermea behar zuten. Metekoek ezin zuten lur-ondasunik izan, eta lurrik erosi ahal izateko enktesis izeneko banakako eskubidea bereganatu behar zuten. Gainerakoan, metekoek eta hiritarrek eskubide berberak zituzten. Meteko asko zegoen Atenasen, eta ekonomian eta kulturan eragin handia bazuten ere, politikatik bazterturik zeuden, hiriko politika erabakitzen zuen biltzarretan hitz egiteko eskubidea hiritarrek bakarrik zutelako. Metekoak Atenasen bizi ziren gehienbat, baina K.a. IV. mendean, Atenasko erakunde politikoak Greziako beste hirietara zabaldu ahala, metekoak ere Grezia osoan zehar hedatu ziren. ik. Grezia, Atenasen nagusitasuna.