Metauten
Nafarroako mendebaleko udalerria (Allin ibarra, Lizarrako merindadearen erdialdea). Mugak: iparraldean, Allin eta Lokiz mendikatea, ekialdean, Allin, mendebalean, Lokiz mendizerra eta hegoaldean, Iguzkitzako ibarra. Garaiera, 533 m. 21,98 km2. 1999ko datuen arabera, 291 biztanle ditu (metautendarrak). Herrigune hauek osatua da Metautengo udalerria: Arteaga, Ganutza, Metauten (herriburua), Ollobarren, Ollogoien eta Zufia. Ega ibaiaren adarrak igarotzen dira udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, olibondoak, mahatsa) eta abere hazkuntza (zerri eta behi azienda) dira (langileen % 70). XIII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Metautengo herria. Aipagarri dira Arteagako XVI. mendeko San Nikolas eliza gotikoa, Ganuzako XIII. mendeko Santa Eulalia eliza (XVI. mendean eraberritua) eta XIII. mendeko Santiago Lokizko basilika, Metautengo jatorri erromanikoko San Roman eliza gotikoa (XVI. mendean eraberritua), Ollobarrengo XIII-XVI. mendeetako Ama Birjinaren Jasokunde eliza, XIII. mendeko San Martin eliza, Zufiako XVIII. mendeko San Migel eliza eta XVI. mendeko San Roman eliza.