Menges, Chris
Britainiar zinema zuzendaria (Herefordshire, 1940). Munduko argazki zuzendari hoberenetako bat. Dokumentalista gisa egindako lanari esker, gerra askotako izugarrikerien lekuko izateaz gainera, bere kameraren begitik ikusten zenari benetakoaren itxura emateko trebetasuna lortu zuen. Isiltasunaren oihuak (1985) eta Misioa (1987) filmak –Roland Joffé zuzendariarenak biak– esperientzia horretaz baliatu ziren eta argazki onenaren Oscar saria irabazi zuten, besteak beste. Mengesek, egungo arazoez kezkaturik beti, gori-gori dauden gaiak landu dituzten zuzendarientzat lan egin du batez ere: Lindsay Anderson, Ken Loach, Bill Forsyth, Stephen Frears, Andrei Konchalovsky, Neil Jordan, Rolan Joffé, eta abar. 1988tik aurrera, argazki lanari utzi gabe, film zuzendari gisa hasi zen lanean. Bere lehen filmak, Mundu bat berezia izenekoak, Cannesko Zinema Jaialdiko epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen.